Bisitari kopuruak gora egin du Aste Santuan turismo bulegoetan eta garraio turistikoetan
Aste Santuko oporrak bukatu berritan Ernesto Gasco turismoko zinegotziak azaldu du gora egin duela bisitari kopuruak turismo bulegoetan eta garraio turistikoan.
Donostia Turismo & Convention Bureauk %14,58 bisitari gehiagori eskaini dio arreta bere bi bulegoetan: Bulebarreko bulego nagusian eta autobus geltokiko informazio puntuan. Bestalde, garraio turistikoaren salmenta %41,25 egin du gora, eta bisita gidatuen salmenta %74.
“Aste Santuak erakutsi du opor egun horiek garrantzitsuak direla eta hazkundea izan dutela”, azaldu du Gascok. Ondorioz, hainbat hausnarketa beharrezkoak direla gaineratu du: “Lehenengoa, 4-5 eguneko oporraldi horietan, Donostia Euskadiko Hiriburu Turistiko Moduan sendotzen dela, erreferente turistiko garrantzitsua bilakatuz, okupazio-maila altuak erakusten duen bezala. Bigarrenik, zuhurtasunez jokatu behar dugula industria turistikoa defendatzeko orduan, kalitatea eta tasa turistiko egokiak mantentzeko, saturazio ondoriorik ez sortzeko, hiriaren marka eta irudia bera kaltetzen baitute. Hirugarrenik, kalitatearen alde eta maila altuko zerbitzuen alde apustu egin beharra dagoela, Europa mailan sendotzeko, garbitasun, hiri-mantenimendu eta seguritate maila altua bermatu”.
Bisitari gehienak Espainiako Estatukoak izan badira ere, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Argentina eta Ameriketako Estatu Batuetatik ere jendea etorri dela gaineratu dute.