Adarra saria jasoko du Fermin Muguruzak
2017ko Adarra Saria jasoko du Fermin Muguruza musikariak. Ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean jasoko du saria artista irundarrak Victoria Eugenia Antzokian 20:00etan eskainiko duen kontzertuaren aurretik.
Azaldu dute Muguruzak kontzertu berezia prestatu duela ospakizun honetarako: bere errepertorioko kanta ezagunenak abestuko ditu Micaela Chalmeta Big Band – Taller de Músics de Barcelonak lagunduta.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omenaldia egiteko.
Honako hauek izan dira epaimahaia: Iñaki Zarata kazetariak, Anjel Valdés musika ekoizleak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak: “Berak beste inork ez bezala erakutsi du beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna, eta gure kulturara ekarri ditu, euskararen baitara”.
Marijose Recalde artista nafarraren eskultura bat izango da saria.