Loiolako eliza kalea da aparkaleku gisa erabili nahi duten guneetako bat. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ibilgailuak aparkatzeko arazo handiak dituzte aspaldian Loiolan. Orokorrean, espaloi zabalek osatzen dute auzoaren erdigunea, eta ibilgailuak uzteko leku gutxi geratzen da, Lorategi Hiriko aparkalekuaz gain. Arazoari konponbideren bat eman nahian, eskaera egin dio udalari Urumea Ibaia auzo elkarteak. Eskaeraren bidez, oinezkoentzako guneetan gauetan autoak uzteko aukera izatea nahi dute. “Eliza kalean, Igeltegi kalean eta Latsarien plazan lekua dago aparkatzeko, eta lortuko bagenu 20 auto hor sartzea, asko litzateke”, dio auzo elkarteko Igor Alonsok.
Eskaera joan den astean aurkeztu zuten, eta ahalik eta azkarren erantzun bat jasotzea espero dute. Izan ere, auzo elkartekoen hitzetan, udaltzainak isunak jartzen hasi dira aipatutako guneetan aparkatzeagatik, eta ez dute begi onez ikusten neurria. Eskaeraren bidez, 20:00etatik 8:00etara aparkatzeko aukera izatea nahi dute.