Emakumeentzako esku pilota ikastaroa egingo dute Egian
Emakumeentzako esku pilota ikastaroa eta topaketa antolatu ditu Egian EMAK emakumezkoen kirola bultzatzeko talde feministak. Maiatzean egingo dute ikastaroa lehen aldiz Donostian.
Patri Espinar pilotari eta antolatzaileetako batek azaldu du Hernanin egin zutela iaz eta arrakasta ikusita errepikatzea erabaki dutela, oraingoan, Donostian. “Egian emakume asko daude palan eta esku pilotan jokatzen dutenak”, azaldu du Espinarrek. Ikastaroak maiatzeko ostiraletan egingo dituzte 19:00etatik 21:00etara: maiatzak 5, maiatzak 12, maiatzak 19 eta maiatzak 26. Maiatzaren 27an berriz, topaketak egingo dituzte. “Topaketetan ikastaroan parte hartu duten emakumezkoez gain beste herrietatik etorritako emakume pilotariek ere parte hartuko dute”, azaldu du Espinarrek.
Topaketetan bost partida egingo dituzte guztira eta azkena berezia izango da: “Azken partida pixka bat maila hobea dugun pilotariok jokatuko dugu, eta bertso pilota saio bat izango da”. Iratxe Ibarra eta Oihane Perea bertsolariak arituko dira bertsotan, eta esku pilotan berriz, Eneritz Arrieta- Patri Espinar, Maite Ruiz de Larramendi-Olatz Ruiz de Larramendi bikotearen aurka.
16 urtetik gorako emakumeek eman dezakete izena emakirola@gmail.com helbidera idatzita. Ikastaroa eta Topaketak Egiako frontoian egingo dituzte.