Faustino baserriaren argazki zaharra, Egia kaleko 13. zenbakian. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Egia kaleko 13. zenbakiko bizilagunek garai bateko
Faustino sagardotegia ekarri dute gogora. Egungo eraikina egiten hasi zirenean bota zuten auzotarren topagune izandako baserria, 1957an. Une hura irudikatzen duen argazki zahar bat jarri dute etxebizitzaren atarian, bizilagunen ekimenez. “Ataria berritu behar zuten, eta barrualdean Donostiako argazki bat jartzeko proposatu ziguten. Eta pentsatu nuen gure etxea eraiki zen leku berean zegoen sagardotegia gogoratzeko aukera polita zela”, azaldu du Kontxi Urdanpilleta bizilagunak (Egia, 1952).
Urdanpilletaren amak Faustino sagardotegian lan egin zuen, eta pisu bat erosi zuten eraikin berrian. Atarian jarri duten argazkiak garai bateko Egia nolakoa zen imajinatu ahal izateko aukera ematen duela: “Baserri asko zeuden Egian. Karmengo Amaren kalean, Tolare; egungo pizzeriaren ondoan, Erreka izenekoa”.
Miren Eizmendi (Egia, 1970) Faustino sagardotegiaren sortzaileen biloba da. Bere amona Latxaga baserrikoa zen, eta ezkondu zenean sagardotegia ireki zuen. Eizmendi burdindegian lan egiten du, Egia kaleko 13. zenbakiaren atariaren ondoan. Sagardotegia desagertu zenean, burdindegiaren sotora eraman zituzten kupelak eta tolarea, eta bertan jarraitu zuten Faustino sagardoa egiten. Azkenean Astigarragako Petritegi sagardotegira eraman zituzten tresna hauek guztiak. Eizmendik Egia auzoak izan duen herri izaera azpimarratu du: “Baserriz beteta zegoen. Sagardotegi hau zuhaitzez inguratuta zegoen, bolatokia ere bazegoen… Auzotarrak bildu ohi ziren gune honetan. Auzoko telefono bakarra hemen zegoen”. Argazkia atariaren kanpoaldetik ere ikus daiteke, barrura sartu beharrik gabe.