Martuteneko lanek honako itxura dute gaur egun. (Argazkia: Uraren euskal agentzia)
Urumearen ibaiertzeko pasabidea zabalik dute Martutenen, apirilaren 12tik, Uraren euskal agentziak egindako lanei esker. Zehazki, errioaren eskuinaldeko zatia atondu dute, eta, horrela, oinez egiteko aukera dago kilometro bateko bidea, Martuteneko zubitik Añarbeko Urak-en hoditeriara.
Ikuspegi berria auzoan egiten ari diren aldaketen lekuko da. Izan ere, Urumearen hobekuntza hidraulikorako eta uholdeak saihesteko ibaiaren eremua zabaldu dute. “Bideratze lanak egin ditugu emari handiei eusteko; 7’5 mnm kotara heldu daitezkeenak”, azaldu du agentziak.
Lanen harira, esfortzua egin dute errioa auzotarrengana hurbiltzeko: “Eskuin ertzean eskailera itxurako harmaila egokitu dugu, pasabidetik ibaira hurbiltzeko; eta, ezker ertzean, arrapala ireki dugu ontzi txikiak sartu ahal izateko”.
Uholdeetatik babesteko lanen barruan, batetik, Urumea 850 metrotan zehar bideratu dute, bestetik, El Pilarreko oinezkoentzako pasabidea eta Martuteneko zubia ordezkatu egin dituzte. Horien bitartez segurtasun maila nabarmen handitu egin dela diote arduradunek: “URAk konpromiso irmoa hartzen du bigarren fasea ahal bezain laster hasteko. Ekintza horien guztien aurrekontua 19 milioi eurokoa da, eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) finantziazioa jasotzen du”.