Erraustegiaren aurkako erresistentzia fasea hasi du Gipuzkoa Zutikek
Gipuzkoa Zutik mugimenduak sare sozialetan zabaldu duenez Zubietako erraustegiaren aurkako erresistentzia fasea abiatu du. “Erraustegiaren lanak ahalik eta lasterren inauguratzeko irrikitan daudenez, hesola guztiak kendu ditugu”, azaldu dute. Pankarta handi bat ere zabaldu dute han bertan: Erraustegirik ez, ez goaz etxera.
Gogorarazi dute Gipuzkoak ez duela errauste plantarik behar hiri hondakinak egoki kudeatzeko. “Gipuzkoako elite baten mesedera diseinatutako politika ustelaren sinbolo dela uste dugu”, azaldu dute. Herritar asko azpiegitura horren kontra daudela gogorarazi dute, eta mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute: “Geldituko dugu”.
“Gipuzkoako elite baten mesedetara diseinatutako politika ustelaren sinbolo dela ulertzen dugu, eta proiektu honek Gipuzkoan egiten ari direna ulertzen laguntzen duela”, azaldu dute. Gaineratu dute geratzen ari dena “herritarrak altxatzeko modukoa dela” eta Gipuzkoako Foru aldundiari eskatu diote kontratua “berehala” herritarrei erakusteko: “Gure izenean sinatu dutenaren berri izateko eskubidea dugu”.