Remigio Mendibururen eskultura bat jarri dute Tabakalera kanpoaldeko plazan
Urtebetez Europako Hizkuntzen Mapa eskultura egon da leku berean. Martxoan kendu zuten, eta obra honentzako beste leku bat aurkitzeko konpromisoa hartu du Donostiako Udalak.
Tabakalera kanpoaldeko plazak Nestor Basterretxea izena du, eta alkateak esan du bi artisten “besarkada sinboliko bat” eman dela espazio berrian.
Mendibururen senideak ere izan dira aurkezpenean eta pozik agertu dira eskulturaren kokaleku berria dela eta: “Ez da erraza izan leku berri bat bilatzea, eta udalari eskerrak eman nahi dizkiogu. Pasabidean egon da urte luzez, eta orain, tailerretik pasa ondoren, itxura berritua du piezak”, adierazi du Hutsune Mendiburuk.
1973. urteaz geroztik Amara Berriko Karlos I.aren hiribideko lurpeko pasabidean egon ondoren, Egiara ekarri dute Remigio Mendibururen (Hondarribia, 1931-1990) eskultura. Ingurua aldatu eta pasabidea estaltzeko lanak hasi zituztenean kendu zuten eskultura, eta berritu ondoren, Tabakalera kanpoaldeko plazan jarri dute. Gaur aurkeztu dute burdinezko eskultura berritua, hedabideen aurrean.
Kokaleku berrian eskultura “handiagoa” egin dela uste du Eneko Goia alkateak: “Lurrazpitik atera da. Hemendik aurrera ikusgarritasun handiagoa izango du. Obraren asmoa espazio publikoan egotea zen, espazio publikoa konkistatzea baitzuten helburu Gaur belaunaldiko sortzaileek”. Adierazi du “merezitako lekua” aurkitu dutela Remigio Mendibururen eskulturarentzat, eta aspaldi hartutako erabakia izan dela.