Josetxo Mayor Uliako bideen garbitzailea eta sortzailea hil da
Josetxo Mayor (Donostia, 1934-2017) hil da. Oso ezaguna zen Donostian, 1986. urtetik Uliako bideak garbitu eta zaindu zituelako. Ezer kobratu gabe eta bere kabuz egin zuen lan guztia. Gaur egun Ulian zehar egin daitezkeen ibilbideetan dago Josetxo Mayorrek utzitako ondarea, bere eskuekin egin baitzituen bidean zehar dauden eskailera eta galtzada guztiak.
Hasieran soilik asteburuetan joaten zen, baina erretiratu zenetik, bidezidorrak txukuntzea bere pasio bihurtu zen. Berari esker egun oso erraza da Ulian zehar ibiltzea, eta paisaiaz gozatzeko aukera dute mendizaleek. Izan ere, lehen sasiek ez zuten itsasoa ikusten uzten. Cristina Enea Fundazioak egindako elkarrizketa batean [bideoan] azaldu zuen zein zen lehengo egoera Ulian.
1995ean Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen Josetxo Mayorrek. Ander Izagirre kazetari donostiarrak atal bat eskaini zion Cuidadores de mundos liburuan. Cristina Enea Fundaziak hari eskainitako erakusketa egin zuen 2014an.
2006an Raul Perez kazetariak erreportaje interesgarria argitaratu zuen Irutxuloko Hitzan, Ulian egindako lanaren ingurukoa eta bere bizitzari buruzkoa. Izan ere, lanbidez garraiolaria izan zen Josetxo Mayor. Bere enpresa izandakoaren jantzia eta txanoa janzten zuen mendian barrena ibiltzeko.