Aurten Grosen egingo dute Jane-en ibilbidea
Jane-en ibilbidea edo Jane’s Walk. Donostian 2012an egin zuten lehen aldiz, Egian, eta geroztik, urtero hiriko auzo bat sakonean ezagutzeko aukera eman dute: Parte Zaharra, Altza, Loiola eta Amara, hurrenez hurren. Donostiako Impact Hub-ek antolatzen du ibilaldia. Larunbat honetan, maiatzaren 6an, elkartuko dira Grosen: “oso aberatsa bere hirigintzan, gizarte nahiz kulturan. Ibilaldian auzokide eta eragile askoren laguntza jasoko dugu, Groseko Txatarreria, Re-Read Donostia liburudenda, Tedone Jatetxea, Arteko Galeria, Emilio Varela eta Pilar Braceras lagunak, Okendo Kultur Etxea…”.
Mirakruz kaleko Ezkurra tabernan hasiko da ibilaldia, 09:30ean. Inguruan dauden Mirakruz 19 eraikina, Stinus lantegi zaharra edo galtzada nagusia izango dituzte hizpide. Ondoren, 10:00ak inguruan, Ategorrieta kalera abiatuko dira. Kale, plaza eta patio mota desberdinak ikusiko dituzte. Txofre plazara joango dira 10:30ak inguruan, eta gune honen historia errepasatuko dute, zezen plaza egon zenekoa, esaterako. Kaleen segurtasuna ere izango dute eztabaidagai.
11:00ak inguruan Ricardo tabernara joateko ordua izango da. Oinezkoentzako kaleak, topografiaren aztarnak, bizimodua… Ondoren, 11:30ak inguruan, Okendo kultur etxean elkartuko dira eta bisita egingo dute eraikinean zehar.
Eguerdian, 12:00etan, Donostiako eraikin berezienetako batean elkartuko dira, Ezkongabeen etxean. Eta handik, Txatarreriara eta Re-Read liburu dendara. Kursaal ingurura gerturatuko dira 12:30ean. Ondoren, betiko denda batzuetara joango dira: Miner bizikleta denda, Afede… Katalunia plazaren txanda eta ingurua izango da ondoren, 13:30ean: San Ignazio eliza, Aita Larroka kalea, Tedone jatetxea, Arteko galeria… Ibilbidea La equitativa eraikinean bukatuko da, 14:00ak inguruan.
Ahaztutako lekuak eta auzoei bizitza ematen dieten pertsonaiak ezagutzeko proposamen bat da