Juan Ramon Viles: "Tramiteak sinplifikatu, eta egin ahal izateko lekuak biderkatu nahi ditugu"
Donostiako Udaleko Lehendakaritza, Gardentasuna, Giza Baliabideak eta Berrikuntzako zinegotzi delegatua da Juan Ramon Viles (Erdialdea, 1966). 2011tik EAJren udal taldeko zinegotzia da, eta 2015etik udal gobernuko kidea da. “Alkatearen konfiantza eta eskaera jaso nuen: eta administrazioaren hobekuntza eta modernizazioa aurrera eramateko ardura”, dio Vilesek.
Legegintzaldiaren erdia bete berri denean, Vilesek egindakoaren balorazioa eskaini dio IRUTXULOKO HITZAri. “Partidaren bigarren zatia hasi” dela azpimarratu du. “Bi urtetan landuriko datuen aurrean, proiektuak garatzeko unea da”. Hain zuzen ere, gardentasuna lantzeko eta aurrera eramateko erronka hainbat ditu udalak.
Herritarren postontzian kexa eta iradokizun gehiago jaso zituen udalak 2016an. Oposizioak datuak kritikatu dituen arren, Vilesen ustez “kexa hobekuntzarako tresna da”. Garrantzitsuagoa iruditzen zaio herritarren komunikazioei erantzuna ematea. “Erantzun maila %50 izatetik %80-100 artera igo gara urtebetean, hori esanguratsua da”, azaldu du Vilesek.
Ostiraleko astekarian elkarrizketa osorik irakurri ahal izango da.