Arte Ederretako eraikina "erabat hondatua" dagoela dio sententzia batek
Kupula berritzearen konpromisoa hartua du udalak, baina, gertaeren ostean, txosten tekniko eta juridikoen zain geratuko dela dio. Udalaren esanetan, orain, Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko du zein pauso eman epaiari aurre egiteko. Horrela, lehenbailehen udalak bilera bat egiteko eskatuko dio Jaurlaritzari, eraikinaren inguruan dituen asmoen berri izateko. “Hirigintza egoerari dagokionez, 2010eko Plangintza Orokorrean eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plangintza Berezian egoten jarraituko du eraikinak, C Mailako babesarekin”, dio udalak.
Arte Ederretako eraikinaren afera bukaerara iristen ari dela dirudi. “Erabat hondatua” dagoela baieztatu du Euskadiko Auzitegi Gorenak, epai baten bidez. Hain zuen, epaiaren berri eman zuen atzo eguerdian auzitegiak, aurretik, Eusko Jaurlaritzak babes maila gorena eman bazion ere.
Orain, hurrengo pausoak zeintzuk izango diren ikusteko dago, baina SADE enpresa pribatuarena da Arte Ederren jabea, eta bere nahia bertan hotel bat egitea dela jakinarazi zuen.