Egiako epaitegiaren kanpoaldean hainbat herritarrek euren babesa adierazi diete epaitutakoei; "herri mugimendua itotzen saiatzen ari dira", salatu dute.
Epaitutako bi lagunak epaitegitik atera diren unea, kanpoan elkarretaratzea egiten ari ziren bitartean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bi lagun epaitu dituzte
gaur Kortxoenea hustearen aurkako eserialdi batean parte hartzeagatik. Hori dela eta,
9:30ean elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean, auzipetuei babesa adierazteko asmoz. 10:00etarako irten dira epaitutako bi lagunak eta txalo artean jaso dituzte epaitegiaren kanpoaldean elkartuta zeuden herritarrek.
Ategorrietan egin zuten eserialdian atxilotu zituzten bi lagunentzat
urtebeteko kartzela zigorra eskatzen zietela azaldu dute Kortxoeneako kideek: “Autoritatearen aurkako erasoagatik eta autoritatearekiko erresistentziagatik eskatzen zieten urtebeteko kartzela zigorra.
Azkenean,
3 eta 6 hilabeteko espetxe zigorra lortu dute akordio baten bidez. Baina, horretarako,
onartu behar izan dituzte faltsuak ziren kargu batzuk. Poliziaren hitza herritarren hitzaren gainetik egon da, eta nahiz eta beraiek lekukoak eraman, –ikusi zutenarekin akusazioak ez zeukan oinarririk– ez dute beste aukerarik izan onartzea baino ahalik eta espetxe zigorrik baxuena lortzeko”.
Gainera, salatu dute
zigor kodearen gogortzea aplikatu dietela: “Horren ondorioz, zigor etetea asko luzatzen da. Lortu dute bi urtekoa bakarrik izatea, baina aplikatu diete. Zigor kodearen gogortze horrek helburu bezala dauka jendea kaletik ateratzea, jendea desaktibatzea. Bi urte horietan espetxe zigorra etenda dute, baina edozer gauza gertatzen dela, espetxera joan daitezke”.
Mozal legea ere bai
Bestalde, mozal legea ere aplikatzen ari zaiela gogorarazi dute: “Dagoeneko sei isun jaso ditugu. Beraz, ez da bakarrik zigor kodearen gogortzea, mozal legearen bitartez ere herri mugimendua itotzen saiatzen ari dira. Hau ez da hemen amaitzen, epaiketa batzuk oraindik zain ditugu eta jarraituko dugula lanean”. Horien artean dago “Kortxoenearen legez kanpoko eraisketa dela eta, jarri zuten salaketa”. Aurrera doa, eta uztailean izango dute eraikuntza enpresaren aurkako epaiketa.