Bilera bat egingo bertako bizilagunekin astelehenean, eta sinadurak bilduko dituzte udaletxean aurkezteko.
Makina bat, bota nahi dituzten zuhaitzen ondoan. (Argazkia: Egia Bizirik)
Intxaurrondoko Mons pasealekuan bost gurbitz eta ezki bat moztu dituztela salatu zuen duela egun batzuk
Eguzki talde ekologistak, eta Haritzalderen
Lourdes Txikiko salaketarekin ere bat egin zuen. Bada, Egian beste mozketa bat egiteko asmoa zegoela jakinarazi dio Egia Bizirik auzo elkarteak IRUTXULOKO HITZAri.
“Auzoan, ur zikinen sarea konpontzeko lanak abian dira, eta urtebetez iraungo dute. Horren harira, bilera bat izan genuen udalarekin, eta obrek irauten zuten bitartean,
behin-behineko aparkaleku bat egingo zutela esan ziguten, Lauaizeta ikastolaren ondoan, inguru hori asfaltatua zegoelako. Baina atzo jakin genuen
Maria Reina eskola eta Polloe artean dagoen berdegunean makina batzuk zeudela, eta udalak asmoa zuela hango zuhaitzak moztu eta bertan parkina egiteko”, azaldu dute auzo elkartekoek.
Konpromisoa hartu dute
Horregatik, atzo arratsaldean udalera deitu eta
presazko bilera bat eskatu zuten, “horrelakorik ez dugulako onartuko. Nola eman diezakete lehentasuna autoei eta ez 25 urte dituzten zuhaitz batzuei?”. Era berean, gaur goizean
ingurura hurbildu dira Egia Bizirik-eko kide zein bizilagun batzuk eta hitz egin dute bertan zeuden udaleko teknikari eta obrako arduradunarekin: “Lortu dugu biek konpromisoa hartzea eta mozketa geldiaraztea udalak zerbait erabaki arte.
Makinak eta ingurua babesten zuen zinta kendu dituzte. Proposamen batzuk egin dizkiegu, eta kontuan hartuko dituztela esan digute”.
Halere,
Egia Bizirik auzo elkarteak bilera bat egingo du astelehenean inguru horretako bizilagunekin: “Zuhaitzak moztu eta bertan aparkaleku bat egitearen aurka
sinadurak bildu nahi ditugu eta udaletxean aurkeztu”.