Jende andana ibili da Jane-en ibilaldian
Gustavo Adolfo Cano Beltza da jabea, eta azaldu du garai batean Italiako partisano batek ireki zuela taberna bat bertan. Trenbidea dago aldamenean eta bezeroei esan ohi die Manhattan-en itxura duela txoko horrek. Arteko arte galeriaren atzealdea ere kale honetan dago.
Grosek auzo osasuntsua izateko ezaugarri guztiak betetzen dituela nabarmendu dute, baina turismoa eta espekulazioak bizilagunen bizimoduan eragin dezakeen kalteaz ohartarazi dute: “Gros oso auzo ona da baina ez du luzaroan iraungo”, esan du Impact Hubeko Alvaro E. Olaizek. Turismoaren presioa Iztueta kalera ere iritsi dela azaldu dute. Ez da jende gehiegi ibiltzen bertan, baina jada hiru hotel daude inguruan.
Donostiako Impact Hub taldeak Grosen egin du Jane-en ibilaldia, orain arteko jendetsuenetakoa. 2012. urtean egin zuen lehendabizikoa, Egian. Mundu osoan Jane Jacobs urbanistaren omenez antolatzen diren ibilaldietako bat da Donostiakoa. Auzotarrak ahalduntzea da helburua, auzoaz hitz egitea. Segurtasuna, iraunkortasuna, ondarea, merkataritza, kaleak, arkitektura… auzoari eragiten dioten gaien inguruko eztabaida eta gogoeta sustatu nahi du Impact Hub taldeak.
Auzo baten arrakasta ezin da zenbakitan neurtu. Hala uste zuen Jane Jacobs urbanistak (New Yorkeko Greenwich Village-ekoa zen Jacobs, eta bizilagunak auzoa bitan banatuko zuen autopista baten aurka mobilizatzea lortu zuen, azpiegitura erraldoia gelditzeraino). Auzo biziak defendatzen zituen, herritar guztientzako hiri erosoak, hiri seguruak. Eta ideia horietan oinarrituta hasi da ibilaldia Gros auzoan zehar. Mirakruz kaletik abiatu dira, ondarearen inguruko gogoeta pizteko: Mirakruz 19 eta Stinus tailerra. Arkitektura razionalistaz betetako auzoa dela nabarmendu dute. Stinus lantegi zaharretik gertu, Galtzada Nagusiaren ondoan, patio irekia duen etxe berezi bat erakutsi dute.
Galtzada Nagusitik Jose Maria Soroarantz joaterakoan, ibilaldian arte hartu duen auzotar batek garai bateko Louit lantegia ekarri du gogora, oraindik gogoan baitu txokolate usaina. Ategorrietara bidea hartzean, auzoan dauden hainbat espazio huts aipatu dituzte, Vasconia plaza, esaterako. Edo erabiltzen ez diren kale zatiak, eta pertsiana betiko jaitsi behar izan duten saltokiz betetako kaleak. Ategorrietatik gertuen dauden kaleetan detektatu dute joera hau.
Auzoko zenbait plaza ere aztertu dituzte. Bitoriano Iraola plaza beti hutsik egon dela azaldu dute hainbat auzotarrek, eta zergatiak aipatu dituzte. Plazan sartzeko sarrera ilunak eta itxiak dira, eskaileradunak. Eta plaza barruan ez dago elementu erakargarririk: “Uste dut gaur dela plaza honetan jende gehien ikusi dudan eguna”, esan du bizilagun batek barrez. Honen harira, segurtasuna lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri batzuk azaldu dituzte: saltoki txikiak, ekipamenduak eta zerbitzuak, irisgarritasuna… Erabiltzen diren kale horiek izan ohi dira erakargarrienak, eta jendeak jendea erakarri ohi duela, kalean jende gehiago ikusteak ematen duen konfiantzak desagerrarazten baitu beldurra. Zergatik da arrakastatsua Txofre plaza? “Plaza babestuta dago, goizean aiton-amonak ibili daitezke paseoan, gurasoek haurrak lasai utz ditzakete jolasean eurak tabernan dauden bitartean… Eta plaza erditik jendea dabil”, adierazi du Imact Hubeko Victor Aspek.
Nafarroa Beherea plazan merkatu zaharra izan dute gogoan bizilagun askok. Azken urteetan egoera oso txarrean egon zela nabarmendute batzuek. Egun merkatu txiki bat geratzen da. Artetxe Jeneralaren kaletik ere pasa da ibilaldia, etxeen patioen artean sortutakoa. Nafarroa hiribidean, okendo kultur etxearen ondoko eskailerak igo eta herritar askok erabiltzen ez duten espazio irekia bisitatu dute. Okendo almirantearen etxea dago bertan, 1580. urtekoa. Garai batean ospitalea gune horretan zegoen.
Zurriola aldera gerturatzen hasi da ibilaldia, eta bertan gogora ekarri dute garai batean hondartzak espazio gehiago okupatzen zuela. Eta Zurriola hiribidea ez zela kostaldeko lehen etxe lerroa. Hasieran Kolon pasealekuko lerroan eraiki zituzten lehen etxeak. Etxe horien atzealdea egungo Zabaleta kalean zegoen, eta espaloi zabalean nabaritzen da. Eta berriz ere ondarearen inguruko gogoeta iztu da Ezkongabeen etxearen aurrean. 1936an eraikitako etxea da, razionalista, eta atari ederra du barruan, oso ondo zaindua. Eta bizilagun batek ezin baditu eskailerak igo? Ondarea lehenetsi behar da beti? Eta bizilagunen erosotasuna?
Oinezkoentzako kaleek arrakasta handia izan dutela azaldu dute, eta Peña y Goñi jarri dute adibide moduan. Espaloi estuak eta autoak nagusi diren kaleak hutsik geratu dira: Agirre Miramon, adibidez. Halere, azpimarratu dute auzoaren morfologiak asko laguntzen diola merkataritzari, ez daudelako espazio huts zabalak, eta etxebizitza eta saltokien arteko oreka egokia delako.
Kale Laburraren bukaerako Tedone jatetxetik ere pasa da ibilaldia.