Iñigo Legorburuk irabazi du Altzako bertsopaper lehiaketa
Bizarrain euskara elkarteak antolatzen du urtero Altzako Bertsopaper Lehiaketa, eta VII. lehiaketak baditu irabazleak: Iñigo Legorburu eta Manex Ralla. Bertso bazkaria egin zuten larunbatean, Jexux Mari Irazu eta Ane Labakarekin, Herrera kirol elkartearen egoitzan, eta han eman zuten irabazleen berri. Errenteriako Legorburuk sari nagusia irabazi du, eta, Manex Rallak, berriz, Altzako bertso-sortarik onena egin du.
Maite omen ninduen… bertso sortarekin irabazi du Legorburuk. Matxismoa eta tratu txarrak salatu ditu, biktima izan den neska baten ahotik, Xabier Silveiraren ETAren su-etenetik doinua erabilita. Altzako lehiaketa bosgarren aldiz irabazi du Errenteriakoak; 2014an elkarrizketa egin zion IRUTXULOKO HITZAk, ordura arte jokatutako bost ekitaldietatik lau irabazi zituelako.
Armagabetzeari izeneko bertso sorta idatzi du Rallak, Anjel Mari Peñagarikanoren Maitasuna da bizi izateko doinuan.
Altzako baserrietako produktuz osaturiko saski bana eskuratu zuten sarituek. Horretaz gain, Legorburuk tableta bat irabazi zuen, eta, Rallak, Lau haizetara eskultura.
Inoizko partehartzerik handiena izan du aurtengo edizioak: 22 bertso sorta. Epaimahaia hauek osatu dute: Luis Mari Ralla, Arantxa Alkiza eta Joseba Alkiza.