Josetxo Mayor omenduko dute hainbat auzotarrek Uliako udaberri jaian
Aurten bigarren aldiz antolatu du udaberriko jaialdia Uliako Lore Bartzak taldeak. Bi arrazoirengatik berezia izango dela azaldu dute; alde batetik, omenaldia egingo diote Josetxo Mayorri, eta, bestetik, betiko jolasen garrantzia azpimarratuko dute.
Udaberriko jaia baliatuko dute Uliako bideen sortzaileari omenaldia egiteko. Apirilaren 26an hil zen Mayor 84 urte zituela. Bertan, auzotarrek esker ona adierazi nahi diote Uliako bideak zaintzen urteetan egin duen lanagatik.
Jaialdiarekin Uliako mintegietako parke komunitarioan gauzatzen diren hainbat egitasmo ezagutarazi eta esku artean dituzten proiektuen berri ere emango dutela jakinarazi dute. “Irakaslerik onena jolasean biziki ibili dena da” azaldu dute Uliako Lore Baratzako kideek. Horregatik, udaberriko jaialdi honetan, zeharka bada ere, betiko jolasei eman nahi diete lehentasuna: “Gu gera tradizio horiek mantendu behar ditugunak”, azal dute. Uste dute betiko jolasak erabat erlazionaturik daudela gure lurrarekin. Uliako Lore Baratzak taldeak antolatutako gainerako jardueretan bezala mezu argi bat transmititu nahi dute: “Auzoa, ez da bakarrik bertan bizi garenontzat, bertan lan egiten dutenentzat edo inguruan ikasten ari diren txiki eta helduentzat ere bada”.
Jarduera ugari
Jarduerak goizeko 11:00etan hasiko dituzte Yoga saioarekin, eta, ondoren, parkeko egitasmoak aurkeztuko dituzte. 12:00etan hainbat ikastaro egongo dira;?artile irutearen ikastaroa eta landaketa. Eguerdia girotzeko Sara Mansilla eta Kimetz Galarraga arituko dira abesten eta, bitartean, txorimaloak egiteko aukera egongo da . 14:00etan piknika egingo dute zelaian, eta, bazkalostean kontzertuak egongo dira: The cotton tails eta Rubio. Azkenik, arratsaldeko 17:00etan etxeko txikienentzat ehungintza ikastaroa egingo dute.
Jaialdiaren inguruko xehetasunak eman eta Uliako Mintegien parkearen erabiltzaile diren The English Schooleko ikasleen bizipenak jasoko ditugu ostiralean argitaratuko den erreportajean.