Groseko Larramendi gasolindegia. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Nafarroa hiribideko
Larramendi gasolindegia berritzen ari dira. Joan den apirilean hasi zituzten lanak. Gasolindegiko lurra, makinak, tankeak eta estolderia aldatzen ari dira. Lanak hasi zituztenean zerbitzua ematen jarraitu zuten, baina azkenean ixtea erabaki dute:?«Gasolindegiaren zati bat itxi genuen hasieran, baina nahasmena sortu zuen, eta lanak azkarrago bukatu ahal izateko, dena itxi dugu», azaldu du Ainhoa Larramendik. Momentu honetan soilik gasolindegian dagoen tailerra dago irekita. Hilaren bukaerarako espero dute zabaltzea gasolindegia eta denda.
Gasolindegiak behartuta daude tankeen inguruko araudi berria betetzera, eta horregatik hasi dituzte berritze lanak. Estolderiari lotutako araudi bat ere ezarriko dute laster, eta bide batez, hori ere egokituko dute Larramendikoek. Berritze lanak beharrezkoak zirela uste du Larramendik:«25 urte dira makinak jarri genituenetik».
1935. urtean hasi ziren eraikitzen Larramendi gasolindegia, eta 1936. urtean ireki zuten. Florencio Mocoroa arkitektoak diseinatutako eraikin razionalista da. Arkitektura berezia duela eta, babestuta dago eraikina, eta jabea egitura mantentzera behartuta dago. Aldaketak egin ahal izateko oztopotzat jo du Larramendik, eta udalak arkitektura mantentzeko babesa eman beharko liekeela uste du.