Berdintasun politikak hirian
Berdintasun politika publikoak ez dira berriak Donostian. 80ko hamarkadan, mugimendu feminista administrazioari exijitzen hasi zitzaion, jendartea eraldatzeko eta emakumeok sufritzen ditugun diskriminazioei aurre egiteko konpromisoa. Administrazioak bere gain hartu zuen ardura hau, eta ez zen prozesu erraza izan, mugimenduak indarra eta presioa egin behar izan baitu betidanik; beraz, ez dezagun ahaztu, gaur egun udalak dituen politikak ez direla prozesu lasai baten emaitza izan, etengabeko borroka baten emaitza baizik.
30 urte inguru pasa dira abiapuntu honetatik, eta berdintasun politiken garapena izugarria izan da: udal gehienek berdintasun sailak eta teknikariak dituzte, sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte, emakumeei zuzendutako baliabide eta zerbitzuak daude… kontzientzia aldaketa bat eman da, gaur egun ez dira zalantzan jartzen hainbat errealitate –emakumeok bizitza prekarioagoak ditugula, zaintzaren ardura gure gain dagoela, indarkeria matxistaren arazoa estrukturala dela eta berdintasuna izatea jendartearen oinarrizko printzipioa–.
Lege eremuan ere aldaketak izugarriak izan dira: besteak beste, berdintasun legea, genero indarkeriaren aurkako lege organikoa eta genero nortasun legea. Bilakaera hau jendartearen aldaketen eskutik joan da eta, hala ere, oraindik egiteko asko dagoela ikusten dugu, bai jendartean eta baita politika publikoetan ere. Gaur egun, nire ustez, geldiune batean gaude: badirudi jada asko egin dela aurrera, ezer gutxi geratzen zaiola administrazioari eremu honetan egiteko, jarraitu besterik ez; baina nire ustez inoiz baino beharrezkoagoa da aurrera egitea politiketan, inoiz baino gehiago exijitzen jarraitu behar diegu politikariei, beraien ardura baita, besteen artean, politika diskriminatzaileak desagerraraztea, administrazioaren estruktura patriarkala eraldatzea eta berdintasuna lortzeko behar diren baliabideak ematea. Ez da nahikoa diskurtso polit bat egitea martxoaren 8an eta azaroaren 25ean; borondate politiko erreala ziurtatzen duten politika publiko eraginkorrak ikusi nahi ditugu egunero.
Ana Txurruka, Donostiako berdintasun teknikaria.