Duguna
Kantatzen duguna
Besteen begiraden
erreakzioa
saihesteak dakarren
satisfakzioa,
gorputzeko ileen
mutilazioa
behartutako auto
flagelazioa
tortura mota bat da
depilazioa.
Gauero ohez ohe
dabilen lamia
errespetatuz zua
eta berdin nia
norbaitekin lotzeko
nolako mania
bakarra maitatzea
denez tirania
erre heteronorma
ta monogamia.
Guk ehuntzen ditugu
sare sendoenak
ahaztuz diferentziak
eta erretenak
emakumeen artean
askatuz barrenak
bertsokideak eta
entzuten daudenak
konplize ditut eta
maite ditut denak.
Patriarkatua da
denaren zutabe
gure gorputzaren nahiz
buruaren jabe
izebergak azpian
zenbat atsekabe
nork zehazten du zer den
ta zer ez den grabe?
Eraso gehiago ez
erantzunik gabe.
Egiten duguna
Nahiz ta mikrofonotik ni izan liderra nahiz ta aldarrikatu aldiro plazerra gogoan dut saio bat itzela, ederra… Kobratu nuenean zenbat barne-gerra diru horrekin ordaindu bainuen laserra.
“Bi musu soilik ziren, aurretik bi trago…” ezer ez jakitea agian nahiago. Adarrak kudeatu ditugu arraro guk jarri ditugunak gaizki, argi dago, eta guri jarriak are okerrago.
Ahizpatasuna berez da hain hitz polita baina mihi zorroztuek hainbeste praktika izaera, jarrera edo estetika besteak konpetentzi gisa ikusita inbidia bihurtu ohi dugu kritika.Ez dut kolperik jasan ta ez nago hilik baina ez dut falta izan eraso sutilik: esku bat ipurdian, adurra zintzilik… Pentsatuz “hobe alde egitea soilik” ni ere geratu naiz parrandan isilik.
Bertsoak: Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal


