Erretratua: Itsaso San Sebastian
Benita Asas Manterola (Donostia, 1873 – Bilbo, 1968) irakaslea eta sufragista izan zen. Valladolideko unibertsitatean ikasi zuen, eta Bilbon eta Madrilen jardun zuen irakasle. Hezkuntzaren inguruko saiakerak argitaratu zituen, eta 1913an El Pensamiento Femenino egunkaria sortu zuen, Pilar Fernandez Selfarekin batera. Espainiako Emakumeen Elkarteko presidente izan zen, eta Nazioen Ligako batzar batean, Genevan, Espainiako Emakumeen Liga ordezkatu zuen; han, munduko emakumeen biltzarra egitea proposatu zuen, Lehen Mundu Gerra bezalako gatazkak saihesteko tresna gisa. Espainian, Bigarren Errepublikan, emakumeen boto eskubidearen aldeko txostena prestatu zuen, Errepublikaren konstituzioa idazteko.