Kapitalismoa, patriarkatua eta hiriaren egitura elkarri lotuta doaz Nora Gonzalez eta Jone Arrazolaren ustez. Horregatik, Donostia eta gainontzeko hiriak begirada feminista batetik berregokitzeko beharra azpimarratu dute, biztanle guztientzako espazio bizigarriak izan daitezen.
Nora Gonzalez, arkitekturako ikaslea (Argazkia: Maider Galardi)
Kapitalismoaren garapenarekin batera diseinatu ziren egun ezagutzen ditugun hirien mapak. Kapitalismorik gabe, ezin uler daiteke egungo hiriaren logika. Hala uste du Nora Gonzalez arkitektura ikasleak (Errigoiti, 1992): “Erdi Aroan dena eremu bakarrean zegoen bilduta; industrializazioaren ondotik, berriz, gune ezberdinak sortu dira”. Eremu horietako batzuk, publikoak dira; hiriaren erdigunea, kontsumorako espazioak, eta ekoizpenera bideratutakoak. Besteak, aldiz, erabat pribatuak; gune erresidentzialak eta auzo periferikoak. Hortaz, biztanle gutxi batzuek dute hiriaren espazio publikoan bizitzeko aukera: “Dirudunek, eta batez ere, gizon dirudunek”, dio Jone Arrazola antropologia ikasleak (Oñati, 1995). Paperik gabekoentzat, etorkinentzat, pobreentzat eta emakumeentzat, beraz, debekatua dago hirian askatasunez bizitzea.
Hiriaren diseinua ez da neutroa, maskulinoa da, gizonen ikuspegitik gizonentzat eraikia. Gonzalezen arabera, genero rolak are gehiago indartzen ditu espazioaren espezializazioak eta banaketak: “Erdigunean badago bizia, baina, espazio publikoa beti izan da gizonentzat gordetako eremu bat”.
Horregatik, erdiguneek badituzte dendak, parkeak, plazak… Gune erresidentzialetan, ordea, eskasak dira enkontrurako guneak, eta emakumeek harremanerako aukera gutxiago izan dute eta isolatuta gelditu dira. Hiri eredu horrek etxeko andrearen rola sustatu duela azpimarratu du Gonzalezek. Izan ere, hiri modernoa diseinatzerako garaian lehenetsi egin da zirkulazioa, harremantzea baztertuz, eta produkzioa eta kontsumoa sustatu dira lan erreproduktiboaren alde
Jone Arrazola, antropologia ikaslea (Argazkia: Maider Galardi)
beharrean.
Arazoa, ordea, andrazkoak espazio publikoa okupatzen hasi direnean handitu da. “Ez dago espazio publikoan eroso eta kontsumitu gabe egoteko leku asko”, dio Arrazolak. “Ikusi besterik ez dago non elkartzen diren zaharrak zaintzen dituzten emakume migratzaile asko: Donostiako Gipuzkoa plazan”. Hiri erdian egon arren, kontsumo eremuetatik argiki bereizitako gunea baita; publikoa izan arren intimitatea gordetzen duena. Ez da parke laua, zuhaitzak ditu eta trafiko soinuetatik urrun dago, gainera. Leku guztiak, baina, ez dira Gipuzkoa Plaza, eta hiria, askotan ez da bizigarria emakumeentzat. Argirik gabeko kaleek, karrika estuek, parke ilun eta handiek… beldurra eta segurtasunik eza sentiarazten dute sarri asko. Debeku bilakatzen da haientzat hiria nahiko luketen moduan bizitzea: segurtasunez, libre eta nahieran.
Argi izpi bat kale ilunetan
Hain zuzen ere, hiriaren bizigarritasun maila txikiaz jabeturik Donostiako mugimendu feminista hirigintza aztertzen hasi zen genero ikuspegitik. 1996an Hiri Debekatua izeneko mapa kaleratu zuten emakumeentzat arriskutsuak izan zitezkeen zenbait gune identifikatuz. Handik hamar urtera, 2006an bigarrenez argitaratu zuten, eta, 2013an, Donostiako Udalak ardura hartu zuen eremu horiek detektatzeko eta ahalik eta egokien eraldatzeko. Parte hartze prozesuak egin ostean, joan den martxoan aurkeztu zuten puntu kritikoen mapa eguneratua.
Egiako pasabidea askoz laburragoa eta argiagoa da egun. (Argazkia: Maider Galardi)
Ana Txurruka berdintasun teknikariak maparen aurkezpenean esan zuenez, proiektuaren helburua hirigintzan genero ikuspegia txertatzea da. Izan ere, Berdintasun Bulegoak bultzatutako ekinbidea da. Prozesuak urrats ezberdinak ditu: lehena gune kritikoak zeintzuk diren eta zein ezaugarri dituzten adostea, bigarrena parte hartze prozesu bat abiaraztea, eta hirugarrena, posible den neurrian gune horien eraldaketa bultzatzea.
Guztira 41 gune identifikatu dituzte, eta oraingoz, sei dira eraldatutako guneak: Morlans, Miramar Jauregiko bidexka bat, Egiako Maldatxo eta Iztueta pasealekuak, San Bartolome, eta Loiola eta Loiolako Erribera arteko bidea. Horretaz gain, atariak kale nagusietara bakarrik irekitzeko dekretu bat sinatu zuen udalak joan den urtean. Kale estuetan gerta daitezkeen erasoak ekiditea da neurriaren helburua.
Ikuspegi feministatik hirigintza eginda, “arkitektura hegemonikoarentzat” ikusezinak diren oztopoak identifikatzen dira Gonzalezen ustez. Horregatik, ariketa bat proposatu du: ibilaldi bat Donostian zehar puntu kritikoen mapa eskutan hartuta. Gune batzuk eraldatu dituzte honezkero, beste batzuk, berriz, identifikatuta bai, baina eraldatze bidean daude oraindik.
Maparen argi ilunak
Lehen geldialdia Donostiako Erdigunea eta Egia auzoa lotzen dituen Tabakalerako tunelean egin du. Duela urte gutxi arte tunel luzea eta iluna zen. Egun, askoz laburragoa eta argiagoa da, eta plaza handi batean du amaiera. Diseinu aldetik, eraldaketa “kontzientziaz pentsatuta” dagoela dio Gonzalezek: “Pareta zuriak eta argitsuak jarri dituzte, eta geltokirako sarrera bertan dago: jendea etengabe ari da bertatik pasatzen». Hala ere, kamera ugari daudela-eta zalantza du horien eraginkortasunaz: “Segurtasunaren izenean kalea kameraz bete nahi dute”. Gainera, ibai aldeko parke handian ere jarri du arreta: “Egunez politak dira paseatzeko, gauez, ordea, puntu kritiko bilakatzen dira”. Arrazolaren ustez ere, aldaketak positiboak dira orohar, biztanleen bizigarritasuna sustatzea helburu badute.
Loiola eta Loiolako Erribera auzoak lotzen dituen pasealekua. (Argazkia: Maider Galardi)
Agerikoa da aldaketa erdigunetik periferiara. Erdiguneak badu bizia; periferia, aldiz, intimitatean bizitzeko dago diseinatua. Hori dela eta, espazio askok ez dituzte baldintzak betetzen hiria bizigarria eta segurua izan dadin biztanle guztientzako. Adibide argia da Loiolako eta Loiolako Erriberako auzoak lotzen dituen pasealekua. Egunez atsegina da: jendea lasterka, erretiratuak pasieran, gazteak bizikletan ibiltzen… Gauez, ordea, Donostiako zoko ilunena bilakatzen da: apenas dago argirik, eta ez dago eraikin bakar bat ere kilometrotan. “Zerbait pasaz gero, bakarrik egin behar diozu aurre egoerari”. Lekuaren arriskuaz ohartarazi du Gonzalezek. “Hirigintza aldetik irauli egin behar da espazio hori, bideak beldurra besterik ez du eragiten”. Oroitarazi du eremu seguruek ikusgarritasuna eta entzungarritasuna eskatzen dutela: “Garrantzitsua da guk geuk jendea ikustea eta entzutea, kalea bizirik sentitzea. Hori bezain garrantzitsua da, ordea, jendeak gu entzun eta ikustea”.
Periferiatik egunean bisitari gehien jasotzen dituen lekuetako batera, Miramarrera, hartu du norabidea Gonzalezek. “Harrigarria da horren leku turistikoan ere zenbait hiritarrentzat deserosoa den espazio bat egotea”. Pio Baroja kaletik Miramar aldera joateko kalexka batez ari da Gonzalez. Estua da eta pareta altuak ditu, argirik ez dago, ordea. Paretei kolore apur bat emateko asmoz, hormairudi bat dago margotuta, baina, harentzat ez da nahikoa: “Arkitektura aldetik gauza asko alda daitezke: paretak jaitsi eta hobeto argiztatu, esate baterako”. Arrazolaren ustez, ordea, hormairudiaren atzean zein nolako atxikimendu soziala dagoen aztertzea da gakoa: “Udal langileek egindako hormairudi batek agian ez du inpaktu handia, baina, herritarrek elkarlanean egindako proiektua bada, aldatu egiten da gune horren esanahia ahalduntze kolektibo bat dagoelako”.
Kartografia feminista
Horregatik, instituzioen esku hartze hutsa ez da nahikoa Arrazola eta Gonzalezen ustez. “Diagnostikoan soilik parte hartzea ez da herritarren inplikazioa bultzatzea”. Puntu kritikoen eraldatzean ere auzotarren parte hartzearen beharra aldarrikatu du. Izan ere, zenbait aldaketen arrazoia -atariaren adibidea jarri du-, ezin ulertuzkoa izan daiteke herritar askorentzat zergatia ongi azaltzen ez bada, eta biztanleak eraldaketan inplikatzen ez badira. Bat egiten du Gonzalezek: “Gero eta zailtasun gehiago jartzea positiboa da, baina, ez da maila materialean bakarrik eragin behar”. Horregatik,aldaketak askotan “petatxuak” izan ohi direla ohartarazi du. Arrazolak ere argi du: “Jendeak egiten du kalea. Kontrola eta segurtasuna baino garrantzitsuagoa da babesa”.
Pio Baroja kaletik Miramar aldera joateko kalexka. (Argazkia: Maider Galardi)
Biztanle guztientzat bizigarriak diren hiriak beharrezkoak direla aldarrikatu dute biek: “Hiriak gune arrotz eta maskulinoak izatetik, bizigarriak izatera pasa behar dira”. Horretarako, zenbait aldagai kontuan hartu behar dira Arrazolaren ustez. Batetik, demografiaren izaera kontuan hartu behar da. Jendartea zahartzen ari da eta etorkizun hurbil batean, hiriek adindunentzat bizigarriak izateko prestatu beharko dira. Bestalde, etorkinentzat atsegina den hiri eredu bat ere bultzatu behar da; periferian baztertuta egoteari uztetik espazio publikoa hartzeko. Aniztasun funtzionala ere kontuan hartu beharreko faktore bat da bi adituen ustez.
Hirigintza feministak eraldatu egin nahi du hiri eredu maskulinoa. Horretarako, kontuan hartu behar da emakumeek hirian betetzen duten papera. “Espazio publikoa berreskuratu behar dugu. Subalternitateak beti egin izan du eraldaketarako apustua”, adierazi du Arrazolak. Proposamen zehatz egin du, gainera: “Interesgarria da Emakumeen Etxea bezalako proiektu batek hiri erdiguneak hartzea. Baina, zergatik ez bota paretak, terraza jarri eta espazio publikoa okupatu?”.
Hiria bizigarria izan dadin biztanle guztientzat pentsatua izan behar dela oroitarazi du Gonzalezek. Hiri debekatu gehiago inorentzat egon ez dadin, apustua egin behar da hirigintza feministaren alde egiteko, bizigarritasunean oinarritutako mapa berriak diseinatuz. “Horretarako Donostiaren turistifikazioak ez du inolaz ere laguntzen”, ohartarazi du Arrazolak.