Izar Hernando (Gros, 1995) Ernai gazte antolakundean militatzen hasi zenean gerturatu zen feminismora. Orain, Donostiako koordinakunde feministan parte hartzen du.
Nola gerturatu zinen mugimendu feministara?
Izar Hernando, mugimendu feministako kidea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Groseko gazte asanbladan hasi nintzen eta handik gutxira sortu zen Ernai. Ordurako interesa nuen feminismoan, eta baita nire ingurukoek ere. Ernai barruan barne prozesu bat ematen ari ziren, eta hor ere feminismoa presente zegoen. Hori dela eta, Donostiako Ernain lan talde feminista bat sortu genuen. Hasieran, oso barrura begirako lana egiten genuen; helburu nagusia funtzionamendu feministago bat lortzeko tresnak ematea zen. Gero konturatu ginen kanpora begira ere aktibatu behar ginela.
Eta zer egin zenuten?
Pixkanaka Donostiako koordinakunde feministan parte hartzen hasi ginen, duela hiru urte inguru. Koordinakundetik saiakera bat egin zen beste talde batzuetara zabaltzeko eta animatu egin ginen. Ez dut oso ondo gogoratzen, baina martxoaren 8ko edo azaroaren 25eko mobilizazioak antolatzen ari zirela batu ginen taldera. Jende asko elkartu ginen eta adin anitzetakoak;?dena den, egunerokoan koordinakundeak ez du jarraikotasunik izan, egun seinalatuetako mobilizazioak antolatzeko espazio soil bihurtu da. Guk jarraitu genuen, baina ez genuen lortu denak batzea.
Urte asko dira koordinakunde feminista sortu zela.
Bai, badago jende bat urte mordo bat daramana, eta kristoren lana egin du zalantzarik gabe. Baina hainbeste urte gauza berdina egiten pasatzen duzunean, zaila izaten da modu berrietara egokitzea, eta gauza batzuk oso erabakiak daude, beraz zaila da dinamika horretan sartzea; hala ere, guk ikusten genuen garrantzitsua zela hor egotea.
Koordinakunde feministatik kanpo beste mobilizazio batzuetan ere parte hartu duzu.
Bai. Duela pare bat urte ikusi genuen koordinakundeak ez gintuela betetzen eta gaueko manifestazioak modan jartzen ari zirenez, horrelako bat Donostian egitea otu zitzaigun. Manifestazio horiek antolatzen koordinakundean gauden talde asko aritu ginen, baina handik kanpo egindako zerbait izan zen;?zerbait freskoagoa, zerbait gazteagoa. Garai berean hasi ziren auzoetako emakume taldeak eta talde feministak sortzen.
Gero eta talde feminista gehiago daude, beraz.
Hala da. Alde batetik oso positiboa iruditzen zait nesken talde gazteak sortzea;?neska askoren lehen militantzia esparrua izaten ari da feminismoa, eta hori kristorena da. Dena den, mugimendu feminista sakabanatzen ari dela iruditzen zait. Uste dut garrantzitsua dela martxoaren 8ko mobilizazioak antolatzeko baino gehiagorako koordinatzea. Gazte Eraiki dinamikaren barruan topaketa batzuk egin genituen, eta hor neska gazteen asanblada bat sortzearen ideia atera zen. Neska asko gaude aktibatuta kolektiboetan edo norbanako gisa; asanbladaren bitartez sartu egin nahi dugu.
Zergatik saretu neska gazteak?
Asko motibatzen nau neska gazte subjektuak, uste dut lan asko dagoela hor egiteko. Aldarrikapen batzuk gero eta orokorragoak dira, eta neska gazte askok bere egiten dituzte. Esaterako, eraso sexistak edo etxera bakarrik joateko daukagun beldurra. Hala ere, oraindik neska gazte asko dago aktibatu gabe. Neska gazteak aktibatzea oso garrantzitsua izango da Donostiako etorkizuneko mugimendu feministarentzat.