Tra(d)izioak
Bartzelonan apirilaren 23an liburu eta arrosez betetzen dira gainerako egunetan turistek betetzen dituzten kale eta plazak. Liburuak, Cervantes eta Shakespeare omendu nahian; arrosak, herrialdeko kondairak hala bultzaturik.
Kondairak dio Montblanc inguruko herri batean bazela herritarrak mehatxatzen zituen dragoi bat, eta haren erasoei aurre egin nahian, egunero biztanle bat eramaten ziotela hura jan eta piztia lasaitzeko. Behin, erregearen alabari egokitu zitzaion dragoiarengana joatea; baina han ere bazen hura salbatuko zuen gizontxoa: Sant Jordi. Honek dragoiari eraso egin eta printzesa salbatu omen zuen. Dragoiak isuritako odoletik arrosa landarea atera omen zen, eta hortik dator apirilaren 23an arrosa oparitzearen ohitura.
Denboraren joanarekin, estuki lotuta doazen gizarte kapitalista eta erromantizismo heteronormatiboak maiteminduen eguna ere bihurtu du apirilaren 23a. Bihurtu diot, kondairak ez baitu inongo maitasun istorioren berri ematen.
Tradizioaren aitzakian, arrosak, liburuak eta dozenaka bihotz gorri erdi bestearen esperoan, bestea nork oparituko zain Sant Jordi eguna biribila izan dadin.
Bartzelonatik Donostiara begira jarri naiz, “nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak”. Feminismotik badugu historia iraultzeko joera, eta Bartzelonara etorri aurretik hiriaren erradiografia morea egiteko gai banintzen ere, harro eta miresmenez begiratu diet Donostian tradizioari traizio egin, eta egun, emakumeei Donostia bizitzeko aukera eman dietenei. Haiei esker jotzen ditugu danborrak, egiten dugu soilik guk korrika martxoaren 8an, ekarri ditugu bizitzak erdigunera, gozatzen dugu festaz. Eta horretan jarraituko dugu, tradizioei traizio egiten, Donostia morez margotu zuten horiei esker. Haientzat arrosa gorri, milaka liburu eta bihotz oso bat.
Irati Urkiola, euskal filologoa.