Zunbatoia egingo dute minbiziaren kontra
Maiatzaren 20an izango da Bentaberri kiroldegian
Mugi zaitez minbiziaren aurka lelopean egingo dute Donostiako Minbiziaren kontrako lehen zunbatoia. Maiatzaren 20an izango da Bentaberri kiroldegian, 17:00etatik 19:30etara. Sarrerekin lorturiko dirua Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak jasoko du.
Zunbatoiaren lehen edizioaren aurkezpenean, Jon Insausti zinegotziak egitasmoak bi helburu dituela azaldu du: “Batetik, minbiziaren aurrean geldirik ez gaudela adieraztea, eta bestetik, ikerketa dela bidea gaixotasunari aurre egiteko”.
Maider Sierrak, Minbiziaren Aurkako Elkarteko Prebentzio Arloko arduradunak, azpimarratu du elikadura osasungarria eramatean, bizitza aktibo bat izatea eta emozioak kudeatzea ezinbestekoak direla.
Nazioarte mailako irakasleak izango dira zunbatoian. Angel Moreto, Anny Rodríguez eta Darvin Cruz, besteak beste. Guztira 17 irakasle izango dira bertan arratsaldea girotzen. Sorpresaren bat ere izango da bertan.
Sarrerak Minbiziaren Aurkako Elkartean, Donostian 943 45 77 22 telefonoan, eros daitezke; Jhonson edo Josuneren irakasleen bitartez 634 438 88. Aldez aurretik erosita, 12 eurotan daude helduentzat, eta 5 eurotan haurrentzat. Egunean bertan, helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek 8 euro.