Intxaurrondo egunean, ekainak 24, aurkeztuko dituzte, erakusketa baten bidez.

IZBE auzo elkarteko Intxaurrondoko Historia taldeko partaideak, argitaratu zuten liburuaren kartelarekin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Iazko irailean, Intxaurrondo Txuri Beltzean liburua aurkeztu zuten.
IZBE auzo elkarteko Historia taldearen ekimenez, 1980. urtera bitarteko 120 argazki bildu zituzten argitalpenean. Bada, oraingoan, hari horri tiraka, 1970. urtetik gaur egunera arteko beste 100 bat irudi jaso nahi dituzte eta
Intxaurrondo egunean (ekainak 24) erakusketa batean islatu. “Bertan, jaiak, kaldereroak, Santa Ageda, danborradak, kirol jarduerak, lagunen arteko ospakizunak, kuadrillak… gure mundu txiki hau islatzen lagundu dezakeen edozein irudi biltzea gustatuko litzaiguke”, adierazi dute IZBEtik.
Intxaurrondo eguna urtero egiten dute, eta Intxaurrondo Hegoan edo Iparrean izaten da, txandakatuz. Aurtengoa, Ipar Intxaurrondon izango da. Egun horretako helburu nagusia izaten da
auzoan dauden muga orografikoak gainditu eta auzoa egitea, hau da,
auzoko biztanle eta eragileak batzea.
Batasun horren erakusgarri izango da prestatzen ari diren argazki erakusketa. “Gure asmoa da Intxaurrondo osoa islatzea. Horregatik, ez dugu mugarik jarri; bestela, oso zaila izango litzateke Intxaurrondo Hegoaren bizitza eta mugimendua erakustea”, azaldu dute IZBEkoek.
Norbanakoen argazkien bila
Aurreko bilketa lanetatik dagoeneko badute materiala, eta deialdia denei egiten dieten baina norbanakoen argazkiak ere bildu nahi dituzte, inongo elkarteetan jasota ez dauden horiek, hain zuzen ere:
“Norbanakoek argazki ugari izaten dituzte, eta, askotan, oso interesgarri eta adierazgarriak izaten dira”.
Hortaz, norbaitek 1970etik gaur egun arteko Intxaurrondoko irudiak izanez gero, IZBEkoekin jarri behar da harremanetan,
i_z_be@hotmail.com posta elektronikora idatzita.