Hezkuntzako langileak, Donostiako manifestazioan. (Argazkia: I. Esnaola)
Hezkuntza publikoan antolatutako grebak erantzun zabala izan du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Gehiengo sindikalaren esanetan, hezkuntzako langileen %80k babestu du. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren datuen arabera, berriz, %43koa izan da. Donostian manifestazioa egin dute eguerdian, eta ehunka lagunek parte hartu dute.
ELAk, LABek eta Steilasek egin dute grebarako deialdia. CCOO ere gehitu zaie, azken mahai sektorialaren ostean. Era berean, EHIGEk, Sortzen-ek, Ikasleen sindikatuek, EH Bilduk, Elkarrekin Ahal Dugu-k, Plataformen topaguneak eta ESK sindikatuak ere bat egin dute grebarekin. Mobilizazioaren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote neurriak har ditzala hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko.
Hurrengo greba datorren asteko asteartean egingo dute, hilak 23. Egun osoko grebak hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko langileei dagozkie: haur eskoletako, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Lanbide Heziketako irakasle, hezitzaile, sukaldari eta garbitzaileei.