Amarako jai batzordeko kideak, bilera batean. (Argazkia: Hitza)
Amarako jai batzordeko kideak lan eta lan ari dira udako jarduerak antolatzen. Jaiak San Ignazio egunaren inguruan ospatu ohi dituzte, eta aurten uztailaren 27tik 31ra murgilduko dira festa giroan.
Lehen aldiz umeen eguna egingo dute egitarauaren barruan, uztailaren 30ean. Eta ohi bezala, gazte eguna egingo dute, uztailaren 28an. Kick boxing erakustaldiak ere ez du huts egingo jaien egitarauan. Zerbitzarien lasterketaren inguruan, ordea, oraindik ez dute erabakirik hartu. Iaz egin zuten lehen aldiz, antzina egiten zen jolasa berreskuratzeko, baina uste baino jende gutxiagok parte hartu zuen, eta ongi aztertu nahi dute ea merezi duen egitea.
Jaietarako blusak egiten hasi dira, kuadrilla bakoitzak berea jantziko du, eta beraz, blusen arteko jolasak prestatzea espero dute. «Urtero bezala, jai euskaldun, parekide eta parte hartzaileak egitea gustatuko litzaiguke, ahalik eta auzokide gehien etortzeko. Gainera, parte hartzea bultzatu eta auzotarren arteko harremanak indartzea nahi dugu. Horregatik abian jarri nahi ditugu blusen arteko jolasak», azaldu du Ane Ubiriak, jai batzordeko kideak.
Bestalde, Aste Nagusiko jaietan, Easo plazan sardina jana egingo dute berriz. Hiru egunetan egiteko proposamena aurkeztuko diote udalari.