Lourdes Txiki, zuhaitzik gabe
Lourdes Txikin zuhaitz mozketa egin zuten apirilean. Udalak azaldu du segurtasun neurriengatik izan zela; talde ekologistek, aldiz, ez dute begi onez ikusi eta "neurrigabekoa" izan dela salatu dute.
Polemika piztu du Lourdes Txikira bidean dagoen berdegunean egin duten zuhaitz mozketak. Apirilaren 26an salatu zuen Haritzalde Naturzaleen Elkarteak “zuhaitz mozketa basatia” egin zutela: “Bi hektarea baino gehiagoko eremuan zegoen baso misto zoragarria erabat moztu dut”. Gertatutakoaren inguruan azalpenak emateko eskatu dio Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Enrique Ramos hirigintza zinegotziari, eta hark erantzun du “premiazkoa eta larritasun handiko segurtasun neurri bat” izan zela.
Izan ere, Ekintza ikastolaren gainean dago basoa, eta hirigintzako zinegotziak esan du haurren segurtasuna jokoan zegoela. Antonio Santos Haritzaldeko idazkari nagusiak, aldiz, uste du ez zela hain premiazkoa:?”Larritasun handikoa zela esan dute baina arazo hori aspalditik zegoen”. Haritzaldeko kideak dio Ekintza ikastolak urteak zeramatzala luizi eta zuhaitzen zein adarren arriskuekin kexatzen eta askotan eskatu izan diola udalari arazoa konpon zezan. Duela lau urte zuhaitz edo adar handi bat erori zen ikastolako pilotalekuaren teilatura, eta udalak “irtenbide kaxkar bat” eman ziola uste Santosek: “Kable batzuekin lotu zituen zuhaitzak». Horregatik, uste du zuhaitz mozketa ez zela premiazkoa «Lau urtean ezer gutxi egin dute”.
Irutxuloko Hitza harremanetan jarri da Ekintza ikastolarekin eta Enrique Ramos hirigintzako zinegotziarekin, baina ez dute gaiaren inguruan hitz egin nahi izan. Dena den, Ramosek eta Ekintza ikastolako zuzendariak beste hedabideetan egindako adierazpenetan esan dute umeen segurtasuna lehenesten dutela zuhaitzen aurretik. Asko haserrarazi ditu adierazpen horrek Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kideak. “Zer uste dute gu umeen segurtasunaren aurka gaudela?”.
Zuhaitz mozketaren oinarrian segurtasuna dagoela dio Ramosek. Santosek, aldiz, “arduragabekeria handia” egon dela uste du: “Segurtasuna aipatzen dute, baina ez zituzten lanak ondo zehaztu eta agindutakoa baino askoz gehiago moztu zuten. Nola liteke?”. Santosek uste du ondo neurtuta egin beharko lituzketela lanak, baina salatu du ez dela hala izan: “Zuhaitz mozketa egin ahal izateko pista bat zabaltzea nahikoa zen, baina bide pila bat egin dituzte eta orain arriskua askoz handiagoa da”. Haritzaldek ohartarazi du orain luizi arrisku handia dagoela.
Segurtasunaren izenean
Guztiak daude haurren segurtasunaren alde, baina irtenbide desberdinak defendatzen dituzte. “Haurren segurtasuna arriskuan ote dagoen ikusteko neurketa bat egin beharko litzateke lehenengo eta hala bada ados gaude zuhaitzak moztearekin, nola ez”, azaldu du Santosek. Hala ere, uste du horretarako “inondik inora” ez zela beharrezkoa egin duten “sarraskia” egitea:?”Ulertzen dugu justu ikastolaren gaineko maldan dauden zuhaitzak moztea, baina horietako batzuk bertan laga dituzte eta inolaz ere ikastolara jauziko ez liratekeen hainbat zuhaitz moztu dituzte; horien artean ehun urtetik gorako zuhaitzak”. Horixe izan da Haritzalde Naturzaleen elkarteak egin duen beste salaketetako bat. Azaldu dute ehun urtetik gorako zuhaitzak moztu dituztela.
Ramosek aldiz, gezurtatu egin du, eta are gehiago haserrarazi ditu horrek Haritzaldeko kideak. “Nola esan dezake halakorik? eraztunak banan banan zenbatu ditugu eta zuhaitz batzuk ehun urtetik gora dituzte eta beste batzuk ehun urtetik oso gertu daude”. Gainera, kontatu du 1945. urteko argazki bat aurkitu dutela, eta, bertan, Lourdes Txiki basoko goi aldean zuhaitzak ageri direla. Udal planteamenduak basoa babesten zuen balio ekologiko zein paisajistiko handiengatik, eta zuhaitz mozketaren ondoren babes maila aldatzearen beldur dira Haritzaldeko kideak. Bestalde, Gipuzkoan nahiko urriak diren Haritzak moztu izana ere salatu dute.
Orain, ahalik eta azkarren basoa lehengora bueltatzea nahi du Haritzaldek: “Moztu dituzten zuhaitzetako haziekin erein dezatela berriro basoa, eta ikastolako segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren zuhaitzak soilik moztu ditzatela”.