Jose Goikoak diseinatu zuen San Martin azokaren lehen eraikina, duela 135 urte; hiriko garrantzitsuena izan zen garai batean. Gaur egun ere bere baitan du bertako produktuen merkatua, denda handien tartean loratuz.
(Argazkia: Fototeka)
San Martin gunea ezaguna da oso Donostian, baina beti ez du izan gaur egun duen itxura eta eskaintza. Askoren buruan egongo da 2005ean eraikinak izandako eraldaketa, merkataritza gune izatera igaro baitzen azoka zaharra.
1882an osatu zuen Jose Goikoak San Martin Merkatuaren diseinua, hau da, duela 135 urte. Gerora, 1907an, duela 110 urte, Juan R. Aldaik egindako proiektuaren bidez, bi pabilioiak elkartu zituzten. Guneak hiriaren eboluzioarekin bat egin duela diote agintariek, baina aldaketak ez dira denen gustukoak izan.
Baionako merkatua izan zuen inspirazio Goikoak, lehen merkatua diseinatzeko garaian. Bitxikeria gisa, 1884an zabaldu zutenean, produktuak saltzeko postuez gain, kapera bat ere bazuen eraikinak. Han ibili ziren donostiar sinistunak, behin behinean, Artzain Onaren katedrala sortu bitartean.
Donostia hazi ahala, merkatua zabaltzea erabaki zuten. Horrela, Goikoak diseinatutako bigarren pabilioi bat gehitu zuten, 1904an. Hortik hiru urtetara, aurreko zabalkuntza nahikoa izan ez zela ikusita, Juan R. Aldairen aldaketa iritsi zen. Horrela, estali egin zuten bi pabilioien tartean geratzen zen kalea. Hirugarren pabiloia izan zen tartean sortutakoa, hiriko azoka garrantzitsuena jasotzen zuena. Baserritarrek leku ederra zuten euren produktuak saltzeko, hiriburuaren erdigunean. Aldi berean, bisitariek lehen eskutik jasotzen zituzten produktu freskoak, ekoizleen beraien eskuetatik.
Donostiako Udala da eraikinaren jabea, eta postuetako jabeekin hainbat eztabaida tarteko, eraikin zaharra bota eta berriago batengatik aldatu zuen. Luis Uzkangaren estudioak landu zuen proiektua, bi urteko obrak behar izan zituzten; tartean, lurpeko aparkalekua ere sortu zuten, 600 autorentzako lekuarekin. Bien bitartean, Arrasate kalean egon ziren saltzaileak.
2005eko irailean, orduko alkate Odon Elorzak inauguratu zuen merkataritza gune guztiz eraberritua: «Erainkuntza modernoa, funtzionala, eta bakearen kulturarekin erabat lotua da». Irutxuloko Hitza egon zen irekiera hartan, eta jakin zuen San Martin zaharreko hiru merkatari lekurik gabe geratu zirela, ez zituztelako udalak jarritako baldintzak onartu. Okindegiko, fruta dendako eta haragitegiko jabeak izan ziren kaltetuak, eta argi zioten eurek ez ziotela postua izateari uko egin.
Kontuak kontu, azoka tradizionalak bere lekua du oraindik ere, baina, zalantzarik gabe, Zara eta Fnac dira egungo eraikinaren adierazgarri nagusiak. Bere inaugurazioan gehien saldu zuen Zararen denda da San Martinekoa. Lau solairu ditu, eraikina goitik behera hartuz, eta arrakasta itzela du, hala ere, aurkakoen protesten erdigune ere izan da. Parrandazaleen gogoko lekua ere bada San Martin, Gastropoteari esker. Pintxo eta edariekin batera, zuzeneko musika eskaintzen baitute, ostegunero. Etorkizunean zein bide hartuko duen, ikusteko dago.