Herreratik Ategorrietara martxa bat egingo dute 1931ko sarraskia gogora ekartzeko
Aullido Libertario taldearen arabera zazpi lagun hil zituzten Ategorrietako sarraskian: Jose Carnes, Manuel Perez, Jose Novo Martinez, Antonio Barro, Julian Zurro Perez, Jesus Camprosola eta Manuel Lopez Diaz, guztiak 34 urtetik beherakoak. Horregatik, eta hilketa haien urteurrenarekin bat eginez, larunbaterako sarraski hartako biktimen aldeko martxan antolatu du talde anarkistak, “gertatutakoak eta sufritutakoak ahanzturan gera ez daitezen”.
Herrerako tren geltokian elkartuko dira, 11:30ean. Ategorrietako erlojura arteko bidea egingo du larunbateko martxak. Josu Iraeta zinemagileak zuzendutako Trintxerpe, galiziarrak Euskal Herrian dokumentalean orduan gertatutakoak jasotzen dira, martxan parte hartu zuten langileen testigantzak tartean – Nemesio Goya saregilearena, besteak beste–.
1931ko maiatzaren 31n manifestazio bat atera zen Trintxerpetik. Lan baldintzak hobetzeko eskatzeko protesta bat izan zen; Ogia gure seme-alabentzat zioen leloak. Saregileak, arrantzaleak… gehientsuenak CNTko kideak ziren.
Langileen manifestazioa Ategorrietara iristean, ordea, Guardia Zibilarekin egin zuen topo. Aurretik soldaduek manifestazioari pasatzeko baimena eman arren, Guardia Zibilak tiroka hartu zituen langileak.