Hiriko turismo estrategia aurkeztu dute Madrilen
Eneko Goia alkateak hiriko estrategia turistikoa aurkeztu du Madrilgo Exceltur foroan. Azaldu dute “turismoaren gorakadaren kudeaketa sostengarria” izan dela batzarreko ardatza.
Datozen lau urteotako hiriaren turismo estrategiaren oinarriak aurkeztu dituzte bertan: “Turismoaren igoera hori modu azkar eta iraunkorrean kudeatzen jakin behar dugu, bai turismo alorraren ikuspuntutik, baita bizilagunen ikuspuntutik ere, eurak baitira azken finean hirian bizi eta hiria egiten dutenak”.
Goiak azaldu du zenbait urtetan hiriaren promozioan indarrak jarri ondoren, orain hiriko eskaintzaren kalitatean jarri behar dela arreta. Bestalde, etxebizitza turistikoen gaia ere legeztatzeko beharra ikusten du Goiak: “Bai zergen ikuspuntutik, baita hirigintza ikuspuntutik ere”. Hala, Donostiako Udalak aurki onartuko du udal ordenantza berria, dagoeneko araututa dagoen gai honen araudia hobetuz. “Eusko Jaurlaritzaren erregistroan dauden apartamentu turistikoen plazen erdiak Donostian daude. Guztira 8.500 plaza daude erregistratuta, horietatik 4.500 Donostian daude”, azaldu du.