Marrazioak formakuntzan parte hartzeko izen ematea zabaldu dute
MarraziOak topaketak antolatzen ditu urtero Galtzagorri Elkarteak, aldundiaren babesarekin. Aurtengoa, 9. ekitaldia da, eta formakuntza eskainiko dute, ilustratzaileentzat, astebeteko lantegi sakon batean, haurrentzako liburuak ilustratzeko teknika, genero eta estrategien inguruan. Irailaren 11tik 15era egingo dute, Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen kalea, 16.). Bertan parte hartu ahal izateko, dokumentazioa bidali beharra dago, eta epea zabalik dago, uztailaren 7ra arte.
Topaketak bi lagunek gidatuko dituzte: Gustavo Puerta literatura eta arte aditua, eta Elena Odriozola ilustratzailea. Gai hau landuko dute: “Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak egin. Haur txikientzako liburuak sortzeko tailerra”.
Formakuntza doan eskainiko diete irakasleek aukeratzen dituzten 12 ilustratzaileei: 5 egunez, 7 ordutako saioak. Guztira, 35 orduko tailer praktikoa. Gehienez 12 irudigilek izango dute parte hartzeko aukera.