Metroaren aurkako protesta egin dute udalbatzarrean
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta hainbat lagun bildu dira eguerdian udalbatzarrean metroaren aurkako protesta egiteko. Metroari STOP zioten banderatxo eta pegatinekin eztabaida publikoari eta gizartearen parte hartzeari uko egin izana salatu dute.
EH Bilduk eraman du mozioa udalbatzarrera metro igarobidearen “gardentasun falta” dela eta: “Bidera dezatela donostiarrentzako gardentasun eta informazio prozesu bat; batzar informatibo publiko eta irekiak antolatuz, alegazioen erantzuna helarazteko bilerak deituz eta lanen ondorioak paira ditzaketen bizilagun, dendari eta taldeekin bilduz”.
Satorralaia bizilagunen mugimenduak azaldu du protestarekin hainbat gai salatu nahi dituztela: “Erakundeek eztabaida publikoari eta gizartearen parte hartzeari uko egin izana; milioi askoko kostua eta baliagarritasun soziala duen proiektu honen inguruan erakundeek nahita eragin duten nahasmena; argudioen ordez gezurrak erabiltzea; eta ikuspegi sozialerako eta ekonomikorako egokiagoak diren alternatibak aztertzeari uko egitea”.
Azkenik, dei egin diete herritarrei maiatzaren 29an egingo duten bizilagunen batzarrean parte hartzeko. Batzarra 19:00etan izango da Amarako eskoletan.