Tabakalerako zine eskolako zuzendariak euskaraz ez dakiela salatu dute
BATZEN Donostiako euskararen gizarte mugimenduak hogei eragilerekin batera. Egoera hau salatu beharra dagoela uste dute, “berriro ere euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen direlako”.
Tabakalerak (Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duten Kultura Garaikidearen Zentroa) zine-eskolako zuzendaria izendatzeko lehiaketa publikorako deialdia egin zuenean euskararen ezagutza ez zegoen baldintzen artean, eta euskara gaitasunik ez du Tabakalerako ikus-entzunezko Formakuntza Zentroa zuzenduko duen pertsonak.
Gutuna osorik:
Norena da ardura politikoa?
Donostiako zinema eskola berriaren zuzendariak ez daki euskaraz
Euskararen normalizazioa helburu dugunok, tarteka hamaika poz eta pizgarri jasotzen ditugu ingurutik, adibidez euskara ikasteko konpromisoa hartu duten herritarren aurrean, euskararen lekukoa milaka eskuetan korrika batean konpartitzen dugunean, auzoko denda batean “irekita” txartela ikusten dugunean, kolore anitzeko pertsonek irribarretsu “kaixo-agur” esaten digutenean, eta nola ez euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarren ilusioa eta gogoa gertutik sentitzen dugunean.
Baina, horrelako motibazioak lanean jarraitzeko positiboki eragiten diguten bezala, ezin uka atzerapausoak ere sarri ematen direla, eta zoritxarrez horrelakoen aurrean kezka eta zalantza ugari sortarazten dizkigute, batez ere jatorrian erakunde publikoak (euskararen normalizazioan erreferente eta eredugarriak izan behar diren erakunde horien eskutik) eragindako egoerak ematen badira.
Martxoan, jakin izan genuen, Tabakalerak (Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duten Kultura Garaikidearen Zentroa) zine-eskolako zuzendaria izendatzeko lehiaketa publikorako deialdia egin zuela. Tamalez euskararen ezagutza ez zegoen baldintzen artean, ez omen da beharrezkoa. Hilabete honetan berriz, gure aurreikuspen ezkorrenak gauzatu dira, eta dagoeneko izendatu dute euskara gaitasunik ez duen Tabakalerako ikus-entzunezko Formakuntza Zentroa zuzenduko duen pertsona.
Tabakalerak hartutako erabaki honen ondorio negatiboak aurreikusi ditzakegu, hasi pentsatzen datozen urte hauetan zenbat bilkura, harreman, ikastaro, dokumentu, akta, txosten, aurkezpen, ekitaldi, hitzaldi, telefono dei, eta beste hainbeste gestio emango diren zuzendari honen inguruan, guztiak erdera hutsean, kontaezinak izango dira. Sinestezina bada ere, erakunde publikoen eskutan dagoen Tabakaleran espazioak euskaldundu beharrean kontrako bidea hartu eta erdalduntzera doaz. Atzerapauso esanguratsua, “euskararen hiria” deituriko hiriburu honetan.
BATZENetik, euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoari eutsiz, horrelako neurriak salatzen jarraituko dugu, bai inplikatutako arduradunei bilkurak eskatuz, baita publikoki informazioa zabalduz eta gizarteratuz. Argi dugu, euskararen normalizazio prozesu luze honetan, herritarron konpromisoak eta aktibazioa beharrezkoak direla, baina neurri berean ezinbestekoak ditugu hizkuntza politika eraginkorra sustatuko duten neurriak txertatzea, betearaztea eta horien jarraipen zuzena egitea, herri gogoa eta hizkuntza politika eskutik joan behar dira.
Bitartean Udaletxeko “Euskararen Hiria” gestionatzen duten arduradunek, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak, eta EAEko Kultura eta Hizkuntza politikako arduradun nagusien erantzuna isiltasuna da… euskara sustatzeko modu bitxia!.
Sinadura:
Donostiak Batzen (Donostiako Euskararen Gizarte Mugimendua), Martuteneko euskara batzordea, Urrats euskaltegia, Aitor Ikastola, Bizarrain, Aieteko Euskara Batzordea, Arantzazuko Ama, ELA sindikatua, Donostiako Aek, Egia Bizirik auzo elkartea, Egiako euskara batzordea, Egiako Kontsumo taldea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako euskara batzordea, Hitzez euskaltegia, Ilazki euskaltegia, LAB sindikatua, Bagera Elkartea.
Tabakalerako zine eskolako zuzendariak euskaraz ez dakiela salatu du