Txillardegiren obra osoa eskuragarri jarri du 'Jakin'ek
Jose Luis Alvarez Txillardegi-ren obra osoa digitalizatu du Jakinek. Guztira, ia 2.000 dokumentu bildu dituzte atari batean, edonork kontsulta ditzan: www.jakin.eus/txillardegi
Zalantzarik gabe, Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Txillardegi (Donostia, 1929-2012), eta bere lana eskuragarri izateak merezi zuela uste dute Jakinen. Etengabeko lana egin zuen euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan zen Euskal Herrian, politikaren nahiz kulturaren esparrutik.
Hiru urteko lana
Hiru urte eman ditu Jakinek dena digitalizatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker egin dute digitalizazioa. Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde digitalizatu dituzte. Lan horietatik 1.634 dira Txillardegik berak idatzitakoak. Zaharrenak, 1956koak dira: Egan, Euskera eta Euzko Gogoa aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Berrienak, berriz, 2011koak dira, Hizpide eta Argia aldizkarietan idatzitako artikuluak. Jakinen argitaratutako 17 lanak ere badaude tartean. Gainerakoak, berriz, Txillardegiri egindako elkarrizketak dira, edo bere obraren inguruko azterlanak.