Haur batzuk, jolas libre garaian, Uliako basotik barrena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Erakusketa bat jarriko du Eguzkik, Zurriola pasealekuan, datorren igandean, Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea aldarrikatzeko. Izan ere, Nazio Batuen erakundeak ozeanoei buruzko goi-bilera egingo du ekainaren 5etik 9ra, New Yorken, eta kontestu hori hartu dute naturzaleek aitzakia gisa. New Yorken hartuko dituzten erabakiak gertutik jarraituko dituzte Eguzkiko kideek, “Global pentsatu, lokal jokatu” pentsamenduaren baitan.
Proposamen zientifikoa
Ozeana Fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak proposamen zientifiko bat aurkeztu zuten 2010ean. Bertan, Donostia eta Biarrritz bitartean korridore ekologiko bat eratzeko proposamen zientifikoa egin zuten, Natura 2000 Sarearen barruan. Eguzkiren arabera, proposamenak aurreikusten du 13.000 hektarea inguruko itsas babesgune baten onartzea Jaizkibelgo eta Uliaren itsaslabarrean. Eguzkik dio proposamena ongi hartua izan dela Eusko Legebiltzarrean, aldundian eta inguruko udaletan, baina oraindik ez dagoela aurrera pausorik.