Zorroagako bidegorria egiteko lanak. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalaren
Mugikortasun sailak zortzi lan hasiko ditu hiriko hainbat gunetan. Lehendabizi
Zorroagako bidegorria egiteko lanak jarri dituzte abian. Bi zati izango ditu bidegorriak. Lehenengoa pasako da Anoeta estadioa eta Toribio Alzaga eta Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren kaleetara sarbidea ematen duen biribilgunearen ondotik. Bigarrena, biribilgunetik egun dagoen bidegorria arte lotzen duen zatia izango da. Errepidetik joango da bidegorria, eta horretarako, Loiolaruntz doan eskuineko erraila kenduko dute.
Erdialdean ere egingo dituzte lanak.
Getaria eta Txurruka kaleen arteko lotura hobetuko du oinezkoentzat. Bi kaleak lotu egingo ditu Askatasunaren hiribidearen bidez. Hori egin ahal izateko, bi kaleen arteko zola luzatuko da, oinezkoentzako guneari jarraipena emateko. Bestalde,
San Bartolomeko moto aparkalekuak Manterola kalean jarriko dituzte. Eta sarreran dagoen pibotea kenduko dute, izkinan dagoen hotelari sarrera errazteko.
Benta Berrin jada aldaketa bat egin dute. Atzo goizetik Zarautz kaletik bira egin daiteke Benta Berriko plazarantz. Aldaketa hori egiteko eskatu zioten Antiguako bizilagunek Pilar Arana Mugikortasun zinegotziari. Epe motzean, Mugikortasun sailak aurreikusi du hobekuntza lanak egitea, biraketa errazagoa egiteko asmoz.
Amara Berrin 30 gune gehiago egingo dituzte. Javier Barkaiztegi, Katalina Erauso, Amezketa eta Podavines kaleetan abiadura murriztu beharko dute autoek. Gainera, espaloi eta errepideak egokituko dituzte oinezkoentzat eta bizikletentzako egokiak izateko.
Norteko geltokiko
taxi geltokia zabaldu egingo dute, taxi gidariek eskatu bezala. Errepideko bi errailak estutu egingo dituzte eta ingurunea aldaketa hauetara egokituko dute.
Errotaburun ere aldaketak egingo dituzte. Bizilagunekin batera adostu dute Ogasunaren dorren ondoan dagoen autobus geltokia eta motoen aparkalekua aldatzea. Helburua da oinezkoen pasabidean segurtasuna bermatzea. Gainera, semaforoak jarriko ditu.
Antiguako
Sanserreka pasealekuan ere segurtasuna hobetuko dute. Zehazki, bihurgunean, oinezkoen pasadebidearen aurrean. Gune honetan autoak azkar joan ohi dira, eta radar mugikorra jarriko dute.