Urrezko aroa ezagutu zuten bideoklubek 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, hala, auzo askotan zegoen modako pelikulak alokatzeko eta erosteko aukera; aste honetan itxi berri dute bizirautea lortu duen azkena: Euskal Bideo.

Amarako Calderon bideokluba. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Asteburuetarako plan ederra izaten zen askorentzat. Auzoko bideoklubera joan, dendakoari aholkua eskatu, VHSa hartu (edo aurrerago, DVDa), eta etxeko pantaila txikian pelikulaz gozatu; familian, lagunartean, edo bikotekidearekin. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan izan zen bideokluben loratzea, eta etxeko sofa izaten zen pelikulak ikusteko lekurik onena:
Pulp fiction, Schindler-en zerrenda, Forrest Gump, Reservoir Dogs, Terminator, Gremlins… oroitzapen asko ekarriko dizkiote bat baino gehiagori.
XXI. mendeko iraultza digitalarekin, pixkanaka bideoklubak ixten joan ziren. Bideoklub handien artean zegoen Amarako Calderon, eta 2009an itxi zuten, 30 urte baino gehiagoren ostean. Tradizioari tinko eutsi dio Euskal Bideok, 1982tik. Hainbat arrazoi tarteko, ordea, itxi egin dute aste honetan bertan, eta, horrela, Donostiak bere azken bideokluba galdu du.
Maiatzaren 31rako iragarri zuen Euskal Bideok bere itxiera, orduan beteko baitzituen 35 urte. Geratzen zitzaizkien bideoak salgai jarri zituzten denda itxi aurretik, eta guztiak saldu dituztenez, iragarritako data baino lehenago jaitsi dute pertsiana, Bergara kaleko dendan.
Fernandez familiaren negozioa izan da Euskal Bideo, 69.000 bazkide baino gehiago izan ditu,eta duela gutxira arte ostiraletan eta larunbatetan denda betea izaten zuten. Pixkanaka, ordea, bederatzi langiletik lau izatera igaro zen, eta pena handiz ixteko erabakia hartu dute.
Charles Chaplinen kapelaren ondoan irakur daiteke mezua oraindik Euskal Bideoren webgunean: «35 urteren ostean, gure ateak ixteko garaia heldu da, mila esker bide honetan lagun izan zareten guztiei. Argiak itzali eta proiektoreak pizten diren bakoitzean, magia sentitzen jarrai dezagula. The end».