Haur minbiziarekiko kontzientzia pizteko Markel Txapeldun Memoriala ospatuko dute etzi, bigarren aldiz; irabazi guztiak Aspanogi elkartearentzako izango dira.

Markelen aita eta ama –ezkerrean–, auzokide batzuekin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Lau urte betetzear zela, Altzako Markel Jimenez minbiziaren ondorioz zendu zen, 2014an. Iaz, bere omenez, Markel Txapeldun izeneko memoriala egin zuten bere auzoan. Lortutako arrakasta ikusita, aurten ere ekitaldia egingo dute, etzi, haur minbiziaren inguruko kontzientzia pizteko. 11:00etatik aurrera, egun osoko egitarau zabala egingo dute, haur zein helduek gozatu dezaten. Altzako Arriberri plazan (Casares kultur etxearen aurrean) elkartuko dira, eta irabaziak Aspanogi elkartearentzako izango dira.
Gaixotasunarekin zortzi hilabetez borrokan aritu bitartean, Markelen gurasoen lagun batek Donostiako Maratoi Erdian haurraren kamisetarekin argazki bat egin zuen. «Beste lagun eta senide batzuk ere batu ziren, eta gutxinaka gizarte mugimendu bat sortu zen. Beraien bultzadaz, lasterketa bat egitera animatu ginen, Markel omentzeko eta Aspanogirentzako dirua biltzeko», azaldu du Adrian Jimenezek, Markelen aitak.
Angela Alejos eta Gabriel Vieiro bezalako auzokideei esker, hasieran lasterketa txiki bat izango zena, egun osoko ospakizun batean bilakatu zen. «Ez genuen elkar ezagutzen, baina esan zidanean haur minbizia azaleratzeko lasterketa bat zela, ez nuen zalantzarik izan, eta antolatzen lagundu nien», adierazi du Vieirok.
Alejosek, berriz, Markelen eskolako Guraso taldean parte hartzen zuen, eta ezagutzen zuen Markeli gertatu zitzaiona, baina ez zuen harremanik bere gurasoekin: «Otsailean eskolara joatera utzi zion Markelek, eta uda partean okerrera egin zuela jakin nuen. Hala, ikasturtearen lehen egunean hil egin zela esan ziguten. Nire ustez, eskolak zein guraso taldeak ez genion egoerari behar bezala erantzun. Horregatik, lasterketa bat egingo zutela jakin nuenean, Adriani deitu eta nire laguntza eskaini nion. Zorra kitatzeko modu bat izan zen».
Gizartea ez dago prest
Jimenezen esanetan, eskolara albistea ematera joan zenean, konturatu zen jendea ez dagoela horrelako egoetarako prestatua: «Jendeak ez daki zer esan; doluak ez dakizkigu kudeatzen. Errazagoa izaten da gaia saihestea. Baina ikasgelan aulki huts bat zegoen, eta azalpenak eman behar zirela pentsatu nuen».
Markelen amak, Veronica Paredesek, gehitu du pertsona batzuk urruntzen direla horrelako egoeretan, «baina espero ez zenuen jende zoragarria» ezagutzen dela: «Gaiak ezin du tabu bat izan. Edozein heriotzarako balio du. Markel Txapeldun Memorialarekin bide bat ireki nahi dugu, gertatzen denetan hobeto kudeatu ditzagun gure sentipenak, eta prestatuagoak sentitu gaitezen».
Gutxinaka, tabu horiek hausten ari direla uste du Jimenezek: «Iazko memorialak arrakasta handia izan zuen. Hasieran, lasterketan gutxi batzuk hartuko zutela parte pentsatu genuen. Baina, azkenean, 350 helduek eman zuten izena eta beste askok korrika edo oinez egin zuten ibilbidea. Hori bai, magikoena izan zen 800 ume haurren lasterketetan parte hartzen ikustea. Guztira, 3.000 lagun egon ziren Altzako Arriberri plazan».
Lasterketaren ibilbideak esanahi berezi bat du. Izan ere, Markelek eta bere aitak hil baino lehen egin zuten, eta ibilbidearen ezaugarriak –aldapak, esaterako–, minbiziaren prozesuarekin alderatu nahi izan dituzte: «Minbizia duen jendeak esan izan digu ibilbideak zerikusi handia duela gaixotasunaren prozesuarekin. Beraz, sinbolismoa erreala da».
Aurtengo ekitaldia oso desberdina dela dio Markelen aitak: «Iaz, Markelen omenez egin genuen, baina, aurten, gaixotasuna duten eta izan duten haur guztiak omendu nahi ditugu, Markel pirata guztien ordezkaria da. Gainera, auzoa laranja kolorez tindatzea lortu genuen, baina aurten harago joan izan nahi dugu, eta banderak saldu ditugu –1.000 baino gehiago–. Horietan, mezu argi bat dago: bandera honekin haur minbizia laguntzen dugu. Altzan ez da inoiz hainbeste jende batu horrelako kausa batengatik. Historikoa da. Horregatik, donostiar guztiak parte hartzera animatzen ditugu».
II. MARKEL TXAPELDUN MEMORIALA – Maiatzak 28, igandea
- Egun osoan zehar: elkartasunezko horma, Taupa batukada, 3D inprimagailuen erakustaldia eta Son & DJs.
- 11:00. Pailazoak: Katapuntxispun (Kiki, Koko eta Moko), buruhandiak, kamisetak eta banderak, puzgarriak, haur jolasak, lasterketa autoen erakustaldia, narrastien erakustaldia, siatsu masajeak, saskibaloi jolasak (Donosti Basketeko neskekin).
- 12:00. Elkartasunezko zunba, ziba txapelketa.
- 13:00. Elkartasunezko paella, minimoto DMT-en gidatze erakustaldia, hegazti harrapariak.
- 15:00. Puzgarriak, haur jolasak.
- 15:45. Ongietorria eta omenaldia, Markelen gurasoen eskutik.
- 16:00. Haur lasterketak.
- 17:00. Haurrentzako tailerrak eta aurpegi margotzeak.
- 17:30. Herri krosa: 6,7 kilometro. Izen ematea: Herrikrosa.eus / Garberako Eroskiko informazio gunean. Minimoto DMT, hegazti harrapariak, Show-Time dantza taldearen erakustaldia.
- 18:30. Sari banaketa eta Gipuzkoako haur minbizia dutenei eta euren familiei omenaldia.
- 19:00. Agurra eta talde argazkia.