Intxaurrondo Zaharreko Jai Batzordeak eta Uliako Lore Baratzak elkarlanean antolatuko dute.
Iazko erromeriaren irudi bat. (Argazkia: Intxaurro Zaharreko Jai Batzordea)
Artzak Ortzeok elkartea hasi zen Intxaurrondo Zaharreko erromeria antolatzen, 1978an. Mendiola baserriko beheko zelaian egiten zuten, Herri Ametsa ikastolatik oso gertu. Urte batzuetan zehar, ez zen erromeriarik antolatu, Zulo Zahar elkarteak berreskuratu zuen arte. 2001etik hona, ordea, Intxaurrondo Zaharreko Jai Batzordeak hartu du ardura, eta urtero, ekaina hasieran, Mendiola baserrian antolatu izan du, auzo giroa sortzeko eta jaietarako dirua lortzeko xedearekin.
Iaz, baina, bilgune berria izan zuten parte hartzaileek, eta aurten ere errepikatzea erabaki dute. Izan ere, Uliako mintegietan egingo dute aurtengo ekitaldia, “parkea bultzatzeko eta elkartasuna adierazteko asmoz”.
Intxaurrrondo Zaharrekoentzako egun berezia da erromeriarena: “Jendea biltzeko eta giro onean ondo pasatzeko aukera paregabea izaten da”, azaldu dute jai batzordetik. Abestu, musean jolastu, dantzatu, jolastu… denetarik aurkituko dute erromeriara hurbiltzen diren heldu, haur zein gaztetxoek. Gainera, parte hartzeari garrantzi handia ematen diote antolatzaileek.
ULIAKO HAZTEGIKO ERROMERIA: EKAINAK 3, LARUNBATA
- 11:00etan, Gunearen irekiera: musika eta pintxo beroak (odolki, txorizo eta txanpiak).
- Eguerdian, bazkaria: auzotarrek egindako paellak, txapelketako postreak. Bazkarirako txartelak Zulo Zahar, Erdikoa edo Leku Ederren eskuratu daitezke. Haurrak 5 euro; helduak 10 euro.
- 16:00etan mus txapelketa. Ondoren, arratsaldean zehar, toka txapelketa.