Donostia 2016ak utzitako ondarea kultur sistema publikoak kudeatuko du
Tabakalera, Donostia Kultura, Zinemaldia eta Aieteko Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroak, besteak beste, kudeatuko dituzte Donostia 2016aren berrogeita hamar proiektu baino gehiago. Hala nola, argitalpen, erakusketa, film eta antzezlanak.
Fase berrian, Donostia 2016 Fundazioaren berezko patroiek eta kultur sektore publikoak hartuko dute bere gain Hiriburutzaren oinordetza. Hiriburutzaren proiektuaren zein hautagaitza aurkeztean jarritako helburu nagusien jarraitutasuna bermatzeko plana lantzen aritu dira erakunde publikoak eta Donostia 2016 Fundazioa iazko udazkenaz geroztik.
Aurrera jarraituko duten proiektuak ondorengoak dira. Bizikidetza eta giza eskubideekin lotuta, segida izango dute Adiorik gabe, Antzerki foruma: Eta hik zer?, Tira-birak eta Ehunberri deitutako proiektuek, besteak beste, eta horiekin batera, Europa Transit enbaxada mugikorraren dokumentalak oinarri hartuta sortutako material pedagogikoek.
Sormena eta gizartea ahalduntzeko lanean arituko dira aurrerantzean ere Olatu Talka, Hirikilabs, Ondarebideak edo Donostiapedia proiektuen bitartez. Aniztasunaren sustapenari dagokionez, berriz, jarraitu egingo dute Herri zahar, andre berri, Kontukontanitz, Break a Leg! eta Baitara Baita proiektuek. Segida emango diete ere Joan Etorriak, Other words, Corners of Europe eta Chejov vs Shakespeare jarduerei.
Gipuzkoako Aldundiak, Donostia Kulturak eta Udal Musika Eskolak beren gain hartuko dituzte Europa bat-batean, Jazzaldiaren eta Europako jaialdien arteko lankidetza eta EMusik, hurrenez hurren. Kontseilua, UNESCO Etxea, Soziolinguistika Klusterra eta Topagunea, berriz, proiektu hauek utzitako ondareez arduratuko dira: Hitzargiak, Tosta, Hizkuntza Aniztasunaren Foroa eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa.
Ondarearen inguruko informazio guztia Donostia 2016ren webgunean kontsultatu daiteke.