Espainiako gerra garaiko iturriak aztertuko dituzte; udalak diruz lagundu du proiektua
Javi Buces, Eneko Goia eta Juantxo Agirre ikerketaren aurkezpenean. (Argazkia: Donostiako Udala)
1936tik 1945era Donostian izan ziren giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa proiektua abian jarri du
Aranzadi Zientzia Elkarteak. Aurrera eramateko, Donostiako Udalak 1
7.996,21 euroko diru laguntza eman dio.
Proiektuaren helburua da, Espainiako gerra garaian Donostian jaio edo bizi izan ziren pertsona guztiak aurkitzea, hirian jaio edo bizi izandakoak ez izan arren.
Maiatzean abiatu dute ikerketa, eta 2017ko abenduan bukatuko dute. Behin betiko emaitzak 2019rako aurkeztuko dituzte. Lehen fasean, tokiko informazio iturriak aztertuko dituzte, eta gero estatu mailako gainerako tokietara joko dute iturrien bila.
Eneko Goia alkateak ikerketaren garrantzia azpimarratu du. “Garai hartan gertatu zena bilatzea eta zabaltzea, oroimen kolektiboan txertatzeko, eta diktatura jasan zutenei justizia egitea ezinbestekoa da edozein erakunde demokratikorentzat”, azaldu du goiak.
Aranzadi elkarteak 16 urte daramatza Espainiako gerrak eragindakoa aztertzen, eta bide horretan, lehen aldiz euskal hiriburu baten errealitatea aztertuko dute. “Erronka handia da guretzat, eta donostiarrek jasan zutena dokumentatzea mugarri izango da”, adierazi du Juantxo Agirre Aranzadi elkarteko idazkari nagusiak. Udalaren elkarlana eskertzeaz gain, azaldu du Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen departamentuarekin eta Gogora institutuarekin lankidetzan egingo dutela ikerketa.
Hurrengo hilabeteetan
ikerketa “historiko” bat egingo dutela gaineratu du Javi Buces Aranzadiko historialariak. “Errelato edo kontakizunik ez du egingo Aranzadik, soilik egia jasoko dugu, nahitaezkoa delako justizia eta erreparazioa aplikatzeko”. Bucesek aurreraturiko datuaren arabera,
15.000 eta 20.000 pertsonek pairatu zuten gerra Donostian.
Ostiralean xehetasun gehiago irakurri ahal izango dira IRUTXULOKO HITZAren astekarian.