Arkitektura Eskolak egindako proiektuak erakusketa batean ikusgai egongo dira, Sagueseko Añarberen Ponpatze Estazioaren eraikinean.
Sagueseko urbanizazio proiekturako proposamenak izango dira ikusgai erakusketa batean, ostiraletik aurrera.
Sagues: Arkitektura ikasleen begiradak erakusketan jasoko dituzte EHU-ko Arkitekturako Goi mailako Eskola Teknikoko ikasleen proposamenak. 5. mailako Arkitektura Eskolako ikasleek egin dituzten proiektuak izango dira, eta Donostiako Udalak adierazi du Groseko gune honetan garatu behar duen hirigintza proiektuaren oinarri izango direla.
Eneko Goiaren ustez,
Sagues da hiriko gune berezienetako bat eta, beraz, arreta handiz pentsatu beharreko gauza da, proposatzen diren irtenbideak egokiak eta iraunkorrak izan daitezen. Egindako lanak Sagues inguruaren diseinu kontzeptual eta funtzionala erakusten dute, betiere, hirigintzaren antolaketa kontuan hartuta. Horren harian, Goiak honakoa esan du: “Proposatutako hausnarketak balio handikoak izan dira Udaletik hiriko gune horren garapenarekin hasteko. Arkitektura eskolako ikasleen lanek kontuan hartzen dituzte Sagues diseinatzeko behar diren puntu nagusiak eta, besteak beste, segidakoak: hiria eta naturaren arteko bizikidetza; itsasoaren presentzia; gune publikoen eta etxebizitzen arteko bizikidetza; gunea aisialdirako erabilgarri izatea; gune funtzionala eta ekipamenduak dituen gunea; eta hiriari amaiera naturala ematea”.
77 ikaslek parte hartu dute
UPV-EHU-ko Arkitekturako Goi mailako Eskola Teknikoko 5.mailako 77 ikaslek hartu dute parte proiektuan; Hirigintza, Paisaia eta Lurralde ikasgaia egiten ari diren ikasleak dira guztiak. Parte hartu duten ikasle asko Erasmus programako ikasle atzerritarrak dira eta, beste batzuk, aldiz, Bordele-ko Unibertsitateko ikasleak.
Donostiako Udalak Sagueseko gunea hobetzeko eskatu zien, eta lan horietan gunea nola berritu daitekeen aztertu dute. Ekainaren 2tik, ostiraletik, aurrera ikusi ahal izango dira lan horiek, Sagueseko Añarberen Ponpatze Estazioaren eraikinean.
60 taulek osatzen dute erakusketa eta, bertan, Saguesen historia ikusi ahal izango da egindako diagnosiaz eta arkitektura-paisaien proposamenaz baliatuta. Hiritarren iritziekin osatutako bideoa ere ikusi ahal izango da.
Ekainaren 9an ikasleen eta adineko pertsonen proposamen trukea egingo da eta, bertan, Sagueseko urbanizazioari buruzko iritziak eta ikuspuntu ezberdinak partekatuko dituzte.