Musika garaikidea eta elektronikoa ardatz dituen Dantz izeneko jaialdia egingo dute irailean
Dantz, musika garaikide eta elektronikoaren jaialdia egingo dute Donostian irailaren 1ean eta 2an. Hainbat lekutan egingo dituzte emanaldiak: Besteak beste, Tabakaleran, Gasteszenan, hiriko klub ugaritan eta baita kalean ere.
Azaldu dute musika garaikideari eta elektronikoari lotutako diziplina artistikoen gabeziaz jabetuta jaialdi bat egitea otu zitzaiela, artista, sortzaile eta erakunde ugariren artean. Hainbat helburu dituztela azaldu dute: besteak beste, musika garaikidea eta elektronikoa hirian eta inguruan bultzatzea; estilo hauetako eta mundu mailako artistak hirira ekartzea; Artista eta eragile lokalei ikusaraztea eta aukerak eskaintzea; musika eta arte garaikide eta esperimentalarekin lotutako teknologia berrien inguruko jakintza garatzea; eta, klub kultura eta musika elektronikoa bultzatzen duen jaialdi bat eskaintzea.