Bagera elkarteko eta AB Krosa lasterketako kideak, elkarrekin. (Argazkia: Hitza)
Bagera elkarteak BageralakoNorFest jaialdia egingo du Parte Zaharrean, elkartearen 25. urtemugaren harira. AB Krosa lasterketak arratsaldeaz gozatzeko plan ederra antolatu du larunbaterako
Euskararen alde lanean ari diren bi taldek antolatutako jarduerek bat egingo dute bihar, larunbata. Bagera elkarteak jaialdia egingo du Guardetxean, 19:30ean. Eta Amara Berrin, Probestu plazan,
IV. AB Krosa lasterketa egingo dute. Kasualitatez bat egin dute egun berean, baina ez dute uste elkarri kalte egingo diotenik. Biek zabaldu eta sustatu dituzte elkarren jarduerak, eta Irutxuloko Hitzak ere argazki berean irudikatu ditu antolatzaileetako batzuk.
Amara Berrikoak izango dira lehenak festa giroan murgiltzen. Arratsaldean, bostetatik aurrera, Probestu plazan hasiko dira. AB Krosa izena du jarduerak, eta aurtengoa jada laugarrena izango da. Halere, Iñigo Azurmendi antolatzaileak azaldu du lasterketa bat baino gehiago dela:?«Euskararen alde Amara Berrin alde egiten den festa bat da. Adin guztietarako prestatzen dugu, auzoan denok elkarrekin ondo pasatzeko plan bat da».
Haurren jolasekin hasiko dirara, bostetan, haur txokoarekin elkarlanean, hainbat jolas prestatu dituzte eta. Gainera, aurten lanketa berezia egin dute auzoko eskolekin –Amara Berri ikastetxea, Ikasbide ikastola, Catalina Erauso, Carmelo– eta kirol arduradunekin hitz egin dute ikasle gehiago erakartzeko Probestu plazara. Izan ere, jolasen ondoren, seietan, korrikalditxoak egiteko une iritsiko da: «Haurrak festara etorri eta txikitatik AB Krosaren espiritua bizitzen hasteko aitzakia polita da». Korrika egin ondoren, indarrak hartuko dituzte meriendatxoan.
Lasterketa nagusia 19:00etan izango da, eta oraindik izena eman daiteke –8 euro, aurretik, Herrikrosaren webgunean, edo lasterketan, 12 euro–. Zer egingo dute bildutako diruarekin? Urtero euskararen aldeko egitasmo bat saritu ohi du Amara Berriko AB Krosak, eta lasterketan bildutako dirua hautatutako proiektu horretara bideratzen du. Aurten Donostiako Piratentzat izango da.
Parte hartzaileek bi ibilbide aukeratu ditzakete:?3 kilometroko proba eta 6 kilometrokoa. Ondoren, luntx berezia egingo dute auzoko tabernek eskainitako pintxoekin. Eta ilundu baino lehen, Koxka taldearen zuzenekoa. Eta ondoren zer? «Denok sarrera erosi dugu Bageraren festara joateko», esan du Azurmendik.
BageralakoNorFest jaialdian zuzeneko musika izango da nagusi. Atazal, Physis versus Nomos, Pelax eta Telmo Trenor, Koban eta DJ Miau-k parte hartuko dute Guardetxeko festan. «Donostian kultur sortzaile asko daude, eta horietatik asko euskaraz eta euskaratik ari dira lanean. Horiei espazio bat eman nahi genien gure festan. Horregatik ontatu dugu
Ez Dok Amaitu mugimenduko kideekin festarako». Gainera, festa honen bidez bidelagun berriak bilatu nahi izan dituzte, jende gaztearengana gerturatu.
Irutxuloko Hitzak ere parte hartuko du Bageraren festan, eta tokiko hedabideak prestatuko duen gunera gerturatzen direnek hainbat sari eskuratzeko aukera izango dute:
doako harpidetzak, bi lagunentzako afari eta bazkariak, garagardo kaxak… Gainera, mojitoak eta ogitartekoak prestatuko dituzte. Festarako sarrerak 5 euroan daude salgai Rekalde tabernan baina oso gutxi geratzen direla esan dute.