Oso Fan taldearekin lehen diskoa atera du Giorgio Bassmattik. Aldiz, bakarkako bigarren lana plazaratu du Iker Laurobak. Tabakaleran topatu dira bi musikariak.
Iker Lauroba eta Giorgio Bassmatti diskoak trukatzen, Tabakaleran. (Argazkia: I. Esnaola)
Ezagunak baino gehiago, lagunak dira. Musikariak biak, eta sormena asko lantzen dutenak. Ez da elkartzen diren lehen aldia, eta ez da izango azkena. IRUTXULOKO HITZAk Tabakaleran elkartu ditu Iker Lauroba eta Giorgio Bassmatti, biek, diskoa argitaratu berritan. Batak bestearen sormenaz eta abesti berriez duen iritzia konpartitzeko aukera izan dute. Aurrez aurre baino, parez pare jarri dira, eta kafe bat hartu bitartean solasaldi interesgarria izan dute.
Nire gotorlekutik bakarkako bigarren diskoa plazaratu du Laurobak. Euskarazko hamalau pop kantu bildu ditu. «Malenkoniatsuak direla esango nuke», dio Laurobak. Bestalde,
21′ 44″ izeneko lehen diskoa argitaratu du Bassmattik Oso Fan taldearekin. Oriol Flores musikaria du bidelagun abentura honetan, eta euskarazko popa jorratzen dute ere. «Iban Zalduak esan zuen bezala, euskal folka da, baina gure folk tradizionala izan gabe», azaldu du Bassmattik.
Ezustekoa hartu zuen Laurobak Oso Fan bikotearen estreinakoa entzuterakoan. «Bi pertsona izateko sortu dutena oso landua da. Batez ere, egitura eta soinu aldetik gustatu zait». Bassmattik irribarre txikia egin du hori entzuterakoan, eta kontraerasoa prestatu du. «Ez naiz oso fidagarria Laurobaren sormenaz hitz egiterakoan; bere jarraitzailea naiz. Lan berrian, pauso bat eman duela uste dut, abesti ezberdinak daude, politagoak».
Energia eta erraztasuna
Laurobaren energia gustuko du Bassmattik. «Proiektu askotan dabil, eta guztietan ondo moldatzen da. Musikaria nekatuz doa adinean gora egiten duenean, baina hari ez zaio halakorik gertatu, energia ikaragarria du». Laurobak, berriz, Bassmattik kantuak sortzeko duen erraztasuna estimatzen du: «Nik ez daukat bat-batekotasun hori, gehiago kostatzen zait abestiak egitea. Horrez gain, bere letrek duten zorroztasun puntua gustuko dut».
Sormen prozesuari buruz ere aritu dira bi konposatzaile donostiarrak. Bassmattik inoiz baino denbora gehiago behar izan du Oso Fan bikotearen diskoa ateratzeko. «Ez nago ohituta epe luzeetara. Normalean, kantu bat sortu, grabatu eta
Youtube-ra igotzen dut». Abestiak hiru egunetan grabatu arren, ia bi urte behar izan ditu emaitza biribiltzeko. «Egia esan, nahiko urduri ibili naiz prozesuarekin», dio Bassmattik.
Antzeko denbora hartu du Laurobak bakarkako bigarren diskoa prestatzeko. «Prozesua lasaiagoa izan da, gehiena nire etxean grabatu dudalako». Abestiak sortu ahala grabatu ditu, bateriaren oinarritik hasi, eta pixkanaka, gainerako musika tresnak gehitu dizkio. «Etxean grabatzeak bere abantaila du, baina bitxikeriak ere sortzen dira. Etxe ondoan parke bat daukat, eta kantu batzuetan haurrak garrasika entzuten dira», azaldu du Laurobak. Gainera,
Berriro kantuko ekaitza erreala da. «Abestia nahasten ari nintzela, eguraldi txarra egiten zuen, eta aprobetxatu nuen mikroarekin trumoia grabatzeko».
Bakarlari moduan maiz aritzen diren arren, sormenari forma emateko musikari eta lagunak dituzte ondoan. Laurobak era ezberdinetan aurkeztu ohi ditu kantuak. «Normalean Leire Leturekin aritzen naiz, bikote gisa. Laukote moduan jotzeko aukera dagoenean, Jokin Garmendia eta Iñigo Asensio batzen zaizkigu». Oso Fan taldea bi musikarik osatu arren, orain arte eskainitako sei kontzertuetatik bakarrean izan du alboan Bassmattik Oriol Flores kidea.
Donostia, euskara eta popa
Pop musika ez da arrotza hirian, baina egia da gaztelaniaz gehiago jorratu izan dela. Popa euskaraz abesten dute Lauroba eta Bassmattik, baina ez diote garrantziarik ematen. «Euskara erabiltzen dugu komunikatzeko. Ez zait gustatzen hizkuntza erabiltzea katalogatzeko; musika, bai, ordea», esan du Laurobak. «Donostiako euskal popa gugan uztea gehiegitxo da!», gaineratu du Bassmattik.
Zuzenekoak eskaintzeko gogotsu daude, baina egoera ez da erraza. «Mezu bat dugu botilaren barruan, baina ez dakigu non dagoen itsasoa, ez dakigu nora bota», dio Laurobak. Kontzertuak emateko guneak topatzea gero eta zailagoa da. «Egoerak ez digu abestiak sortzen segitzeko gogoa kenduko», azaldu du Bassmattik.
Donostian gero eta bakarlari gehiago daude
Azken urteetan, taldeak baino gehiago bakarlariak agertu dira hirian. Horietako hainbatek talde bat dute jatorrian, eta zuzenekoak eskaintzerakoan formatu ezberdinetan aritzen dira. Iker Lauroba eta Giorgio Bassmattirekin batera, Donostian bakarlari gisa ikus ditzakegun musikariak ondorengoak dira, besteak beste: Olatz Salvador, Pelax, Lide Hernando, Physis vs Nomos, SZ, Mikel Karton, Ane Leux, Pet Fennec, Autumn, Iñigo Serrulla eta June Calsor.