Kasinoa eta dantzalekua izan ostean, hotela eraiki zuten Igeldoko jolas parkean, duela 50 urte; itsas mailatik 170 metrora dago, Donostiako hirigunetik urrun eta gertu aldi berean, eta historia polita gordetzen du bere barnean.

Hotelaren kanpoaldea, 1970ean. (Argazkia: Kutxateka)
Munduko ikuspegirik ederrena». Hitz horiekin saltzen du Monte Igeldo Hotelak bere negozioa. 1967ko maiatzaren 18an zabaldu zuten, beraz, 50 urte bete zituen joan den astean, eta jai berezia egin zuten hotelean. Aurretik kasinoak, dantzalekuak eta jatetxeak hartu zuten lekuan ireki zuten hotela, Muñoz Baroja arkitektoaren diseinuarekin. Pascual familiak du bai jolas parkearen bai hotelaren ardura bere irekieratik. Izan ere, hotelaren historia zuzenean lotua dago jolas parkearen historiarekin, eta merezi du ezagutzeak.
1911n hasi zen guztia. Igeldo inguruko hainbat baserritarrek Igeldo Mendia Elkartea sortu eta mendi osoa erosi zuten. Aisialdirako gune bat sortzea zuten buruan, eta 1912ko abuztuaren 25ean, Belle Epoque bete-betean, zabaldu zuten aisialdi gunea, itsasargi zaharraren hondakinetako mendixkan. Kasinoa eta jatetxea izan zituen lehenengo, baina Primo de Riveraren diktaduran, jokoa debekatu zuten, eta, ondorioz, 1925tik aurrera, dantzalekuak ordezkatu zuen kasinoa. 1920ko hamarkada bukaeran iritsi zen jolas parkea, Suitzar Mendia, Ibai Misteriotsua eta labirintoa jarri zituztenean. Horrela bada, 2012an ospatu zuen mendeurrena jolas parkeak.

Hotelaren barrualdea, 1970ean. (Argazkia: Kutxateka)
Erakargarri gisa eraiki zuten Igeldoko dorre ezaguna, eta hortik dator ere hoteleko jatetxearen izena: El Torreon. XVI. mendetik 1854ra, dorrean, egurrezko itsasargi bat egon zen; baina itxi egin zuten, karlistadetan jasandako txikizioen ondorioz, eta maiz lainoak estaltzen zuelako. Azkenean, 1854an itsasargi berri bat eraiki zuten, egun ere badabilena, eta dorre berri bat ere eraiki zuten.
Hotelak lau izar ditu, luxuzkoa da beraz, eta igerilekua, gimnasioa eta wifi zerbitzua ditu, garai batean ez bezala. Itsas mailatik 170 metrora dago, hirigunetik urrun eta gertu. Hala, turista askok aukeratzen dute, eta ezkontza eta jaunartze ospakizun askoren lekuko izan da 50 urteko historia luzean.
Bitxikeria gisa, hoteleko jabeek jakinarazi dute zein izan zen lehen erabiltzailea: Patxi Alkorta. Berak asmatu zituen Atotxan botatzen zituzten suziriak, zelaiko golen berri emateko, beste hainbat konturen artean. Artista donostiar bat, edonola ere.