Aurtengo San Joan bezperako kartela.
Sagueseko
San Joan sua izan ohi da jende gehien erakartzen duenetako bat; ehunka lagun elkartu ohi dira suaren bueltan. Oraindik bi aste baino gehiago falta dira, baina aurtengo San Joan bezperako egitarauaren berri eman dute jada. Sagueseko zabalgunean festa hasi baino lehen, Katalunia plazan haur eta gazte festa egingo dute, Gaztelekuak eta Haur Txokoak antolatuta. Arratsaldeko bostetatik zazpietara izango dira plazan. Ondoren, 20:30ak aldera, Saguesen jai giroan murgiltzen hasiko dira, eskusoinuaren erritmoan.
Saguesera gerturatzen direnek Bagera elkarteak banatuko dituen loreak eskuratzeko aukera izango dute, San Joan bezperako tradizioak jarraitzeko. Eskola dantza taldekoen emanaldia ere ez da faltako, ezta Casa Galiciakoek urtero prestatu ohi duten queimada ere. Iluntzen hasten denean, 22:00ak aldera. San Joan sua piztuko dute, eta ondoren, erromeria hasiko da Obaneuke taldearekin. Jatekoa ere izango da, Groseko jai batzordeak sardina jatea egingo du eta.