Iztuetako biaduktua kentzeko proiektuaren muntaia.
Iztuetako biaduktua berritzea, Sagueseko urbanizazioa eta Zuberoa plazan estalkia jartzea. Horiexek dira Donostiako Udalak Grosen egingo dituen inbertsio handienak.
Nolako inbertsioak aurreikusi ditu udalak Grosen? Proiektu nagusiak
Iztuetako biaduktua berritzea eta Sagues urbanizatzea dira. Ez dako egutegi zehatzik, epe luzerako proiektuak baitira. Egia eta Gros auzoen arteko harresia kentzea ekarriko du Iztuetako biaduktua desagertzeak. Proiektua egiteak 812.706 euroko kostua izango du.
Sagues: Arkitektura ikasleen begiradak erakusketan jaso dituzte EHU-ko Arkitekturako ikasleen proposamenak. 5. mailako ikasleek egin dituzten proiektuak dira, eta Donostiako Udalak adierazi du Groseko gune honetan garatu behar duen hirigintza proiektuaren oinarri izango direla.
Eneko Goiaren ustez, Sagues da hiriko gune berezienetako bat eta, beraz, arreta handiz pentsatu beharreko gauza da, proposatzen diren irtenbideak egokiak eta iraunkorrak izan daitezen: «Proposatutako hausnarketak balio handikoak izan dira udaletik hiriko gune horren garapenarekin hasteko». Gune publikoen eta etxebizitzen arteko bizikidetza; gunea aisialdirako erabilgarri izatea; gune funtzionala eta ekipamenduak dituen gunea; eta hiriari amaiera naturala ematea hartu dituzte kontuan.
Sagueserako hirigintza proiektu bat aztertzen ari da udala. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
EHU-ko Arkitekturako Goi mailako Eskola Teknikoko 5. mailako 77 ikaslek hartu dute parte proiektuan; Hirigintza, Paisaia eta Lurralde ikasgaia egiten ari diren ikasleak dira guztiak. Parte hartu duten ikasle asko Erasmus programako ikasle atzerritarrak dira eta, beste batzuk, aldiz, Bordele-ko Unibertsitateko ikasleak.
Donostiako Udalak
Sagueseko gunea hobetzeko eskatu zien, eta lan horietan gunea nola berritu daitekeen aztertu dute. Sagueseko Añarberen Ponpatze Estazioaren eraikinean ikus daitezke euren lanak. Gaur, ostirala, ikasleen eta adineko pertsonen proposamen trukea egingo da eta, bertan, Sagueseko urbanizazioari buruzko iritziak eta ikuspuntu ezberdinak partekatuko dituzte. Exekuzioa egiteko 1.572.653 euro inbertitu dituzte.
Groseko Zuberoa plazan jarriko duten estalkiaren muntaia.
Groseko Zuberoa plazan estalkia jartzea izango da beste inbertsio garrantzitsua: 968.000 euro. Lanak laster hasiko dituzte. Aisialdi gune honetaz egun euritsuetan ere gozatu ahal izatea ekarriko du.
Mugikortasun alorrean proiektu interesgarri bat dute labean. Gros auzoan oinezkoentzako kaleak egokitzeko azterketa bat egiten ari dira, bizilagun askoren eskariari erantzuteko. Karkizano kalea dute begiz jota. Aurreko legealdian San Franzisko kalearen –Iparragirre kalearen ondoan– hasieran egokitutako gunearen eredua jarraitzea izango litzateke asmoa. Zirkulazioan zenbait aldaketa egin beharko lirateke:?taxiek paradara sartzeko Sekundino Esnaola kalea hartu beharko lukete, eta Aita Larroka kalearen zentzua aldatu beharko litzateke. Orain proiektua marrazten ari dira, hurrengo urtean egiteko. 20.570,00 euro inbertituko dituzte.
Ategorrietako galtzada zaharreko oinezkoentzako gunea hobetzeko lanak ere egingo dituzte. Eskolara autoan joaten diren guraso eta ikasleak, bizikletak, oinezkoak… Gune konplikatua da, eta konponbide bat lortu nahi du udalak. 10.185,04 euro inbertituko ditu.
Oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak egiteko beste azterketa bat ere aurreikusi dute: Erregina Erregeordearen kalean, Kursaalen eta Zurriolan. Zinemaldian jarri ohi den behin behineko bidegorriaren moduko bat egitea aztertzen ari dira. Bidegorria hobetzea da helburua, gaur egun gune arriskutsuak sortzen baitira leku hauetan. 21.659,00 euro bideratuko dituzte. Beste gune polemiko batean ere neurriak hartu nahi dituzte.
La Equitativa eraikinaren inguruan dagoen bidegorrian. Oinezkoen eta txirrindularien artean sortzen diren gatazkak konpondu nahi dituzte.
Argiteriari dagokionez, honako inbertsioak egin dituzte. Ategorrietako galtzada zaharreko argiteria berritzeko, 18.687,24 euro. Zurriola pasealekukoa berritzeko, 49.370,38 euro. Eta Ategorrieta hiribidea eta Galtzada Nagusiaren artekoa berritzeko, 22.000 euro. Led teknologiako argiak jarri dituzte, gune hauek guztiak argitzeko, guse seguruagoak lortzeko. Espaloia eta errepidea argitzen dute. Grosen probatu dituzte, eta emaitza onak eman dituela dio udalak.
Txofreko lur-azpiko aparkalekua berritzeko proiektua 30.000 eurokoa da. Egokitu egin behar da araudi berria bete dezan, eta irisgarriagoa izan dadin:?sarbideak berritu eta igogailuak jarri behar dira. Kontzesioa ateratzeko bideratu du udalak diru kopuru hori. Lehiaketa egingo dute proiektuaren adjudikazioa egiteko.
Kirol azpiegituretan,
Manteon egin du inbertsioa. Paco Yoldin eta Gascan egin bezala, konponketak egin behar izan dituzte Groseko kirol zentroan, teilatua berritzeko. Guztira, 69.041,39 euro.
Saneamenduan inbertsio handia egin du udalak. Kolon pasealekuaren hasieran eta Zuberoa plazan zulatzen ari dira, lanak egiten ari dira momentu honetan. Saneamendua berritu ondoren, berriz asfaltatu egin beharko da. Eta Iztuetako depositoan ataskoak saihesteko ponpa jada berritu dute .
nlizarralde@hitza.eus